Herriko eragile, espazio eta proiektu komunitarioak batzen dituen atari berria du Galdakaok

Irudiak: Irati Alonso García.

Herritarrei informazioa eskura jartzen jarraitzeko bidean, herriko baliabide komunitarioak batzen dituen atari digital berria sortu du Galdakaoko Udalak. Bertan espazio, eragile eta ekimenei buruzko informazioa eskaintzen da.

Galdakaoko Herritarren Parte-Hartzerako Ordenantzan ezartzen dena jarraituz, herriko baliabide komunitarioak batzen dituen atari berria sortu du Galdakaoko Udalak.

Gaur aurkeztu dute Edurne Espilla Kultura eta Komunikazio zinegotziak, Maite Arandia Parte Hartze eta Gardentasun zinegotziak, eta Unai Amezaga, Parte Hartze eta Gardentasun teknikariak.

Arandiak azaldu duenez, «Herritarren Parte-Hartzerako Ordenantzan batzen dena jarraitu dugu, Galdakaon dauden behar eta eskaerei erantzuteko dauden baliabide komunitarioak ezagutzeko tresna herritarren eskura jarriz».

Galdakaoko Udalarentzat hiru dira baliabide komunitarioak: espazioak, eragileak eta proiektuak. Eta hiru horiei buruzko informazioa da hain zuzen atari berriak jasotzen duena.

Bost atal

Atariak bost atal ditu: hasiera, ekosistema, datuak, baliabide berria erregistratu, eta erakunde eta kolektiboen errolda.

Hasieran atariaren datu orokorrak aurkezten dira, hala nola, helburua, bilaketa irizpideak, eta datu batzuk.

Ekosistemak aldiz, bilaketa egiteko tresna eskaitzen du, elkartearen izena sartuz, edo bilaketa irizpideak —eremuak, motak, sektoreak, nori zuzendua eta gaia— ezarriz. Behin baliabidea aurkituta, elkarte bat adibidez, horren inguruko informazioa aurkitu daiteke.

Datuak ere batzen ditu atariak, eta horren arabera, 262 baliabide komunitario daude Galdakaon. Horietako 238 eragileak dira, 21 espazioak eta 3 proiektuak.

Bestalde, baliabide berriak erregistratzeko edo atarian dagoeneko daudenen datuak eguneratzeko aukera eskaintzen du orrialdeak, eta baita nola egin behar den azaldu ere.

Azkenik, erakunde eta herritarren kolektiboen erroldan izena emateko aukera batzen du atariak. «Herritar aktiboen izen-ematea aldiz, Parte-Hartze atarian egin behar da», azaldu du Amezagak.

Parte-Hartze eta Gardentasun teknikariak azaldu duenez, ataria sortzeko «mapeo» prozesu bat abiatu zuten: «Bagenuen dagoeneko baliabide komunitarioen zerrenda, baina banan-banan deitu ditugu informazioa eskatu eta eguneratzeko».

Hala ere, «eragile, elkarte eta proiektu gehiago egon daitezke, eta horregatik herritarrak animatzen ditugu atarian sartu eta informazioa osatzera», azpimarratu du Amezagak.

Ordenantza berria

Atari berriaren aurkezpenarekin batera, udal lokalen ordenantza berria sortzeko prozesuan daudela iragarri du Espillak. «Udaleko hainbat sail aritu da elkarlanean prozesua aurrera eramateko. Zirriborroa aurkeztuko diegu laster oposizioko talde eta herriko eragileei, eta urtea amaitu baino lehen ordenantza onartzea aurreikusi dugu».

situs togel

situs toto