Zabalik dago Santakurtzetako kuadrillen arteko txapelketan izena emateko epea

Argazkia: Ander Elordui.

Santakurtzak irailaren 11tik 20ra ospatuko dira, eta aurten ere Kuadrillen Txapelketa antolatuko dute jaietan. Lehiaketan izena emateko epea zabalik dago, eta hilaren 9ra bitarte egin daiteke Torrezabal Kultur Etxean edo Udalaren webgunean. Albiste honetan batu dugu parte hartzeko jakin beharrekoa.

Hurrengo astean hasiko dira aurtengo Santakurtzak eta egitarau osoa oraindik ezagutzera eman ez den arren, Galdakaoko Udalak Kuadrillen Txapelketaren nondik norakoak jakinarazi ditu.

Ohi den bezala, aurten hiru modalitatetan parte hartzeko aukera izango da, eta izena emateko epea zabalik dago irailaren 9ra bitarte.

Aurreko urteetan Txapelketa Ttipia antolatu izan du Jai Batzordeak, baina aurten aldaketa batekin moldatu dute eta Txapelketa Gastronomikoa izango da aurrerantzean. Hortaz, kuadrillek hiru txapelketetan parte hartu ahal izango dute: Kuadrillen Arteko XXIII. Txapelketan, I. Txapelketa Gastronomikoan edo Gazte Kuadrillen Txapelketan.

Talde bakoitzak modalitate bakarra aukeratu beharko du, eta pertsona bera txapelketa batean baino gehiagotan aritzea deskalifikatzeko arrazoia izango da.

Izen-ematea Galdakaoko Udalaren webgunearen bidez edo Torrezabal Kultur Etxeko bigarren solairuan egin ahal izango da, astelehenetik barikura, 08:30etik 14:30era. Aurten, Gazte Kuadrillen Txapelketan izena emateko prozesuan, gainera, Topaguneek laguntza eskainiko dute euren ohiko ordutegian.

Txapelketen oinarriak

Kuadrillen arteko XXIII. Txapelketa 37 probaz osatuko da. Parte-hartzaileek 16 urtetik gorakoak izan beharko dute, eta talde edo kuadrilla bakoitzak gutxienez lau pertsona izango ditu. Lehenengo zortzi sailkatuek diru-saria eta kuadrillen bazkarirako 10 txartel jasoko dituzte; bederatzigarrenetik hamabosgarren postura bitartekoek, berriz, bazkarirako hamar tiket.

Aurten, Txapelketa Gastronomikoa egingo da lehen aldiz. Bost proba gastronomikok osatuko dute lehiaketa, eta gutxienez 16 urtetik gorako lau lagunek osatutako taldeek, kuadrillek edo elkarteek parte hartu ahal izango dute. Lehenengo sailkatuak 500 euro eta txapela jasoko ditu, bigarrenak 400 euro, hirugarrenak 300, laugarrenak 200 eta bosgarrenak 100.

Gazte Kuadrillen Txapelketa, berriz, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta bederatzi probaz osatuko da. Taldeek gutxienez lau partaide izan beharko dituzte, eta lehenengo hiru sailkatuek sorpresazko opariak jasoko dituzte. Modalitate honetan, puntuak Galdakaoko Topaguneek emango dituzte, berezko puntuazio sistemaren arabera.

Hiru txapelketetan, probetan parte hartzeagatik eskuratutako puntuez gain, sailkapenaren araberako puntu osagarriak ere banatuko dira: 25 puntu lehenengoarentzat, 20 bigarrenarentzat, 15 hirugarrenarentzat, 10 laugarrenarentzat eta 5 bosgarrenarentzat. 

Sariak, lehiaketaren oinarriak eta proben eguneroko emaitzak Udalaren webgunean argitaratuko dira, eta Torrezabal Kultur Etxean ere eskuragarri egongo dira.

Limoi Saria

Ohiko sariez gain, lehia osasuntsuaren aurkako jarrerak zigortuko dituen ‘sari’ bat egongo da, iaz moduan: Limoi Saria. Proba guztietan, antolakuntzak limoi bat edo gehiago banatu ahal izango dizkie arauak betetzen ez dituztenei, tranpak egiten dituztenei, epaimahaiaren iritzia errespetatzen ez dutenei, jarrera edo adierazpen diskriminatzaileak edo gainerakoekiko errespeturik gabekoak erakusten dituztenei, eta abar.

Halaber, txapelketaz errespetuzko giroan gozatzeko, jarrera, adierazpen edo egoera diskriminatzaileetatik urrun, lehiaketa prestatu duten elkarte eta kuadrillek dekalogo hau partekatu dute, eta Udalaren webgunean eskuragarri dago.



situs togel

situs toto