Iskander Sagarminaga bihar saiatuko da Hawaiiko Kaiwi Kanala zeharkatzen

Argazkia: Iskanderrek Hawaiitik BINKEri bidalitakoa.

Mundu osoan 100 pertsona baino gutxiagok lortu duten erronka abiatuko du bihar, maiatzak 6, Iskander Sagarminaga igerilari galdakoztarrak: Hawaiiko Kaiwi kanala neoprenorik zeharkatzea.
Guztira 15 ordu inguru emango ditu igerian, eta Eider Eibar ilustratzailea izango du bidelagun. Erronka betetzekotan, lortu duen lehenengo euskal herritarra izango da Sagarminaga.

Iskander Sagarminaga igerilari galdakoztarrak munduan gutxi batzuek lortu dituzten erronkak egin ditu azkenaldian Eider Eibar ilustratzailearekin batera, Kokoak proiektuaren baitan.

Iaz Hiruko Koroa eskuratu zuen Sagarminagak—munduan 300 pertsonek bakarrik lortu dutena— Kaliforniako Katalina kanala igerian eta neoprenorik gabe zeharkatu ostean.

Aurten aldiz, erronka berri bat du aurrean: Hawaiiko Kaiwi kanala zeharkatzea, Ozeano Barean dagoen 42 kilometroko tartea. Guztira, 15 ordu inguru emango ditu igerian Sagarminagak, Oahutik Molokaira, kontrako norantzan.

Eibarrek itsasontzitik lagunduko du, eta, behar tekniko guztiei erreparatzeaz gain, abentura hori ilustratuko du, marrazkien bitartez, ostean liburu bat argitaratzeko.

BINKEk aurreratu zuenez, apirilaren 25ean abiatu ziren Hawaiirantz, eta zeharkaldia maiatzaren 1etik 8ra egitea aurreikusi dute.

Erabakia eguraldiaren arabera hartu dute eta azkenean bihar, maiatzak 6, saiatuko dira erronka egiten. Sagarminagak 42 kilometro egin beharko ditu 15 orduan, 24-27 ºC inguruko uretan, 700 metroko sakonerako itsasoan. Zailtasunak ez dira nolanahikoak: olatu erraldoiak, korronte indartsuak, marmoka pozoitsuak eta marrazoak izango ditu aurrean.

Zeharkaldia goizaldeko 01:30ean hasiko da —ordu lokala—, zigarro marrazoaren erasoak ekiditeko une egokienean. «Urte osoa daramat entrenatzen, besakadak fintzen eta ordu luzeetan igerian, ahalik eta ondoen prestatuta egon ahal izateko», azaldu du Iskander Sagarminagak.

Mundu osoan 100 pertsona baino gutxiagok lortu dute erronka, eta betetzekotan lehenengo euskal herritarra izango da.

Erronka zuzenean jarraitu daiteke Kokoak proiektuaren sare sozialen bitartez.


situs togel

situs toto