Itziar Atienza: «’Entrevías’-ekin adin guztietako publikora heltzea lortu dugu»
Itziar Atienza Molina, aktorea
BINKE / 2023ko maiatza
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Itziarrek ‘Entrevias’ sailean jokatzen duen Amanda pertsonaia
Hainbat telesailetan ikusi dezakegu gaur egun Itziar Atienza aktore galdakoztarra. Orain emititzen ari diren ‘Montecristo’ eta ‘Los pacientes del Doctor García’ telesailetan parte hartu du eta ‘Entrevías’-en hirugarren eta laugarren denboraldiak grabatzen ari dira. Berarekin hitz egin du Binkek proiektu hauen inguruan.
Helena Vilaforteren papera egin duzu ‘Montecristo’ telesailean. Gustora sentitu zara? Aurretik egindako beste pertsonaiekin konparatuz, oso pertsonaia diferentea da: maltzurra da, bizioz betetakoa eta eskrupulorik gabea. Hala ere, oso gustora sentitu naiz paper honetan, izan ere, Alberto Ruiz Rojo zuzendariarekin beste hainbat proiektutan lan egin dut aurretik eta oso ondo konpontzen gara. Oso zuzendari ona da eta hau grabatzeko orduan asko somatzen da.
Orain TVEn eta Netflixen ikusgai dagoen ‘Los pacientes del Doctor García’ telesailean ere parte hartu duzu. Bai, paper txikiagoa izan dut honetan baina pozik nago. Gerra zibilean bando batean eta bestean gertatu zirenak kontatzen dituen proiektua da eta aro horretako istorioetan murgiltzea beti da polita. Jantziak eta atrezzoa ikaragarriak dira. Gainera, oso oroitzapen xamurra dut proiektu honekin, izan ere, nire mutilaguna den Jon Olibaresekin batera lan egiteko aukera izan nuen. Ez genuen tramarik konpartitu baina jada proiektu berean egotea polita da. Gainera, momentu berean deitu ziguten barruan geundela esateko eta horrek berezi egiten du momentua.
Azkenaldiko arrakastarik handiena ordea ‘Entrevías’ telesailean egindako Amanda poliziaren paperari esker lortutakoa izan da. Telesail honekin lortutakoa oso berezia izan da. Pandemia garaian hasi ginen grabatzen eta zailtasunak genituen murrizketak zirela eta. Musukoarekin grabatzen genuen, PCR froga egin behar genuen hiru egunerik behin… Alde horretatik hasiera deseorosoa izan zen baina alde berean oso magikoa, lan taldeak bere onena jarri zuelako momentu oro. Emaitza ikustea baino ez dago. Grabaketan jada bazegoen arrakasta usaina somatzen zela zioen jendea eta horrela izan da. Kuriosoena adin guztietako publikora heldu dela izan da: nagusietatik gazteenetara.
Hirugarren eta laugarren denboraldiak grabatzen zaudete orain, ezta? Bai, oraintxe ari dira bi denboraldiak grabatzen. Ni kontatu ezin dudan beste proiektu batean murgilduta nago momentu honetan baina honekin bukatzean hasiko naiz ere ‘Entrevías’ grabatzen, nire pertsonaia Amandari jarraipena ematen. Gogo handiekin nago egia esan, etxean bezala sentitzen naiz jada lan taldearekin eta nire kideekin.
Proiektu hauetan eta telebistako beste zenbaitetan ikusi zaitugu azkenaldian. Zinema eta antzerkia egiteko gogoekin zaude ere? Noski! Nik uste aktore gehienek ditugula formatu guztietan lan egiteko gogoak. Zinema oso polita da eta zer esanik ez antzerkiaren inguruan, non publikoaren babesa zuzenean sentitzen duzun. Gauza da plataformak agertu zirenetik askoz gehiago direla telesail formatuan aurrera eramaten diren proiektuak eta horrenbestez lan gehiago dago mota honetako egitasmoetan. Baina ni beti nago prest edozein proposamen entzuteko.