Jon Barrenetxea arte martzialen irakaslea omendu zuten Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Familiak BINKEri bidalitakoa
Abenduaren 29an Jon Barrenetxea arte martzialen irakaslea omendu zuten Galdakaoko Iraragorri Hoteleko Petit Komité jatetxean. Bere lehen ikasleek antolatu zuten hitzordua eta Barrenetxeak transmititu zituen «ahalegina, diziplina, apaltasuna eta gainditzeko grina» azpimarratu zituzten, besteak beste.
Urtea amaitzeko hitzordu berezia hartu zuen Galdakaoko Iraragorri Hoteleko Petit Komité jatetxeak abenduaren 29an. Jon Barrenetxea arte martzialen irakaslea omendu zuten jatetxean, bere lehen ikasle izandako talde batek antolatutako ekitaldian.
Jatetxe horretan izan zen omenaldia 1979an gimnasioa inauguratu eta Barrenetxeak arte martzialetako irakasle ibilbidea hasi zuen lekua baita hori. Gimnasioa Conchita Bengoetxearen ekimenez sortu zen, bere senarra Jose Iraragorri Athleticeko futbolari ezagunaren kirol bizitzari jarraipena emateko ilusioak bultzatuta.
Conchitaren eta Jonen bideak lotu egin ziren emakumeak 20 urteko gaztearegan konfiantza jarri zuenean eta karate klaseen ardura eman zionean, Barrenetxeak Euskadin arte martzialak sustatzeko zuen ametsari hasiera emanez.
Iraragorri gimnasioko karate praktikatzaileen talde txiki hura haziz joan zen urtero, geroago Indonesiako Pencak Silat praktikarekin batera, arte martzialen eskola entzutetsu bihurtu arte, hainbat eta hainbat arrakastarekin.
Hala ere, Jon Barrenetxearen ikasleek omenaldian azpimarratu zutenez, «euren bizitzetan benetako aldea markatu zutenak ez zirela izan kirol-arrakasta ukaezinak, baizik eta Jonek transmititzen jakin zituen arte martzialen balioak: ahalegina, diziplina, pertseberantzia, leialtasuna, zuzentasuna, apaltasuna, gainditzeko grina eta talde-lana».
Balio horiek eta bere maisuaren oroitzapen hunkituak bere ikasleengan irauten dute, Conchita Bengoetxeak omenaldi honetan esan zuen bezala, «Jon gurea zen».
Jon Barrenetxea 2020ko ekainean zendu zen eta orduan publikatu zuen BINKEk bere ibilbideari buruzko erreportajea.