Joseba Sarrionaindia eta Ines Osinagaren ‘Katuen kontuak’ ikuskizuna hartuko du gaur Torrezabalek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Binke
Galdakaoko Udalak hogei ikuskizun antolatu ditu abendura bitarte Torrezabal Kultur Etxean. Besteak beste, Joseba Sarrionaindia eta Ines Osinagaren ‘Katuen kontuak’ emanaldia eskainiko du gaur 20:00etan.
Zaletasun eta adin ezberdinentzat zuzendutako hogei ikuskizun hartuko ditu Torrezabal Kultur Etxeak abendura bitarte. Haien artean, ‘Katuen kontuak’, pasa den urtarrilean programatuta zegoen eta atzeratu behar izan zen saioa.
Joseba Sarrionaindiaren hitzak, Ines Osinagaren musika eta Itziar Garaluzeren irudiak uztartzen ditu ‘Katuen kontuak’ ikuskizunak. Egileen hitzetan, «bidai luzeko kantuak dira hauek, edo, hobeto esanda, kantuak dira bidaia».
«Atlantikoa zeharkatu eta Euskal Herrira heldu ziren eskuz esku, konplizez konplize, sekretu bat konpartitzen dutenen artean sortzen den zirrara hori lagun. Habanan jaio eta Euskal Herrian hazi ziren kantuok tabako, ardo ta kanelaz. Orain idazleak letren jatorria eta zergatia azalduko du Osinagaren musikarekin batera», azaldu dute antolakuntzatik.