Josi Sierrak zuzendutako dokumental bat Euskal Zine Bileran estreinatu zuten
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Euskal Zine Bilera
Euskal Zine Bilera jaialdiak Galdakaoren ordezkari bi izan ditu aurten: bata aurretik iragarri genuen Erlojupekoa film laburra —aipamen berezia jaso zuena—, eta bestea Josi Sierra galdakoztarrak zuzendutako «Benitoren bizitza maitasunaren indarrez» dokumentalaren estreinaldia.
Urriaren 23an Binkek argitaratu zuen bezala, euskara hutsez egiten den zine jaialdi bakarra Euskal Zine Bilera 45 edizioz antolatu zen, urriaren 22an Lekeitioko Ikusgarri aretoan. Bertan bost sari banatu zirela aurreratu zuen hedabide honek, eta horietaz gain Galdakaon fimatutako Erlojupekoa laburmetraiak ere epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuela adierazi.
Aldiz, Galdakaon eta galdakoztarrekin landu zen ikus-entzunezkoa ez zen izan Galdakaoren ordezkari bakarra Euskal Zine Bilearen edizio honetan: urriaren 22an ospakizun gala egin bazen ere, hilaren 20tik 22ra bitarte Sail Ofizialeko filmen proiekzioak egin zituzten Lekeitioko areto berean. Hogei estreinaldi egin zituzten —nabarmendutako Erlojupekoa tarteko—. Eta bertan estreinatu zuten Josi Sierra galdakoztarrak zuzendutako «Benitoren bizitza maitasunaren indarrez» dokumentala ere.
Ikus-entzunezko honetan Sierra Orrantiak bidelagun izan ditu, besteak beste, Naiara Muñoz Murua gidoigile lanetan eta Jose Julian Bakedano ekoizle beharretan. Estreinaldian publikoarekin solasean aritzeko aukera izan zuten hiru kideek.