Laburmetrai festibala aurten bai ospatuko da Galdakaon, irailaren 13an
Lehiaketa
BINKE / 2021eko abuztua
Laburmetrai Festibala aurten bai ospatuko da Galdakaon, irailaren 13an
TESTUA: Jon Gomez Garai
Pandemiak eragindako hutsunearen ostean, bueltan da Galdakaoko Laburmetrai Festibala. Ohiko Santakurtzen ordezko Kultur Plazaren baitan antolatuko da sari banaketa irailaren 13an. Hemen batu ditugu sariak eta lehiaketara aurkezteko bete behar diren oinarri zein irizpideak.
Pandemiak eragindako gorabeheren artean Galdakaoko Laburmetrai Festibala antolatu ez izana egon zen, besteak beste. Aurten ordea, ohiko Santakurtzen ordez Kultur Plaza antolatuko bada ere, ikus-entzunezkoen txapelketa antolatzeko erabakia hartu dute antolakuntzan «modu autonomo eta independentean» dabiltzan herriko hainbat elkarte, kolektibo eta norbanakok.
Irailaren 13an, astelehena, 21:00etan izango da —tokia, zehazteke— laburmetraiak ikusteko eta sariak banatzeko hitzordua. Hiru sari banatuko dira jaialdiaren seigarren edizio honetan:
- Publikoaren saria, laburmetrai gustukoenari
Urdaibaitik itsas bidaia Hegaluze itsasontziarekin, 10 pertsonentzat.
- Epaimahaiaren saria, laburmetrai onenari
Antzerki-inprobisazio ikastaro trinkoa, 5 pertsonentzat.
- Antzezpen onena, epainahaiak erabakita
Elkarlaguntza Sareak ekoiztutako produktuen otzara
Edozein lehiaketetan aurkezteko gertatu ohi den bezala, oinarri eta irizpide batzuk ezarri dituzte antolatzaileek Galdakaoko Laburmetrai Festibalerako ere. Honatx:
Oinarriak
- Iraupena: 5 minutu gehienez.
- MP4 formatuan.
- Gaia eta hizkuntza libreak.
- Lanak kortofestibala@gmail.com helbidera bidali, WeTransfer, Dropbox, Google Drive edo beste era batean.
- Lanak bidaltzeko epemuga: irailak 11.
- Antzerkigintzako, eta arte, letra eta informazio arloetako hiru adituk osatuko dute epaimahaia.
Irizpideak
- Ez dira jokabide autoritario, sexista, arrazista, faxista, homofoborik zein transfoborik onartuko.
- Lehiaketa amateurra da, ez dira laburmetrai profesionalak onartuko.
- Gehiegizko iraupena penalizatu egingo da.
- Epaimahiaren irizpide nagusia originaltasuna izango da, hala nola argumentua, antzezpena, eta maila teknikoa.
- Lan batek ezingo du sari bat baino gehiago irabazi.