Galdakaoko Udalak iturgin ofizialaren eta Udal Euskaltegiko irakaslearen lanpostuak betetzeko hautaketa prozesuak martxan jarri ditu. Hautagaitzak aurkezteko epeak zabalik daude maiatzaren 28ra eta ekainaren 1era bitarte, hurrenez hurren.
Erretiro partziala hartzen duten langileen ordezkapena egiteko moduak aldaketa nabarmena izan du 2025eko apirilaren 1ean errelebo kontratuak egiteko araudi berria indarrean sartu zenetik.
Gaur egun ez da nahikoa lanpostua aldi baterako beteko duen norbait aurkitzea: aurrerantzean, ordezko pertsona langile finkoa izan behar da, eta horrek hautaketa prozesuak irekitzea dakar, Espainiar Estatuko araudiak aintzat hartuta.
Testuinguru berri honetan, Galdakaoko Udalak bi hautaketa prozesu abiatu ditu, 2025ean egindako erretiro partzialeko bi eskaerei erantzuteko. Bi profil oso desberdinak dira, «baina eguneroko funtzionamendurako ezinbestekoak»: batetik, Iturgin Ofizialaren lanpostua, eta bestetik, Udal Euskaltegiko irakasle lanpostua.
Hautagaitzak aurkezteko epeak dagoeneko zehaztuta daude. Iturgin Ofizialaren lanposturako aurkeztu nahi dutenek maiatzaren 28ra arte eman ahal izango dute izena; Euskaltegiko irakasle izateko, berriz, epea ekainaren 1era arte luzatuko da.
Deialdiaren oinarriak, baldintza zehatzak eta izena emateko formularioak udal webgunean daude eskuragarri. Bertan, interesa dutenek prozesu honen lehen urratsa eman ahal izango dute; izan ere, lanpostuak betetzeaz harago, «etapa baten erreleboa irudikatzen duen prozesua da».




