Martxan da «Gurean» herriko merkatarien plataforma digital berria
Tokiko merkataritza online
BINKE / 2021eko otsaila
Martxan da «Gurean» herriko merkatarien plataforma digital berria
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko denda, ostalari eta zerbitzu guztiak bateratu nahi dituen plataforma berria publiko da dagoeneko, Udalak eta Dendari Elkarteak sustatuta. Bertan batu gura dituzte Galdakaoko eta Usansoloko 500 negozio txiki.
Horrela aurkeztu du bere burua Gurean plataforma berriak: «Birtuala baina bertokoa. Sarean dabilena baina gurea saretzen duena. Herrian dugun eskaintza modu erraz eta argian biltzen duena, bezeroak gure dendari eta ostalariengana hatzamar kolpe soil batez hurbiltzen duen plataforma».
Azaroaren 25an eman zuten proiektuaren berri Galdakaoko Udalak eta Dendari Elkarteak, eta dagoeneko errealitate bat da: gureanerosi.eus
Egun berean eman zuen Binkek ekimenaren berri webgune honetan bertan —hemen klik eginda irakur daiteke orduko albistea— eta bi hilabete pasatxoan publiko egin dute, gaur, gurean erostea bultzatu eta herriko merkatari guztiak batuko dituen plataforma digitala.
Bertan egoteko aukera Galdakaoko eta Usansoloko 500 komertzioei eskainiko zaiela iragarri zuen aipatutako aurkezpenean Dendari Elkarteko presidente Aitziber Bonillak. Hasteko, 30 komertzio ageri dira webgunean.
Izen-ematea doakoa dute herriko komertzioek, eta bertan dendaren, komertzioaren edo zerbitzuak eskaintzen dituen enpresaren argazkia, helbidea, telefono zenbakia, kokapen zehatza, WhatsApp-eko zerbitzua edota euskaraz ulertu edo hitz egiteko gai diren informazioa jaso dezake bisitariak. Baina gainera, kategoriaka ere sailkatu daitezke saltokiak, bilatzen ari garenaren arabera.
«Teknologia berriek eskaintzen dizkiguten abantailak merkataritzaren eskura» jarri dituztela azaldu zuen Iñigo Hernando alkateak aurkezpenean, eta herritarrei dei egin: «Badakigu plataforma erraldoien kontra egitea zaila dela, baina herritarrei dei egiten diegu orain inoiz baino gehiago, herriko merkataritzan kontsumitu dezaten».
Oraingoz, Gurean plataforma berri honek ez du online erosteko aukerarik emango, baina «bada etorkizunera begira dugun asmoa», azaldu zion Bonillak Binkeri.