Martxoaren 8a antolatzen hasiko da Galdakaoko mugimendu feminista
Feminismoa
BINKE / 2022ko otsaila
Martxoaren 8a antolatzen hasiko da Galdakaoko mugimendu feminista
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
Laster hasiko da Momoak Talde Feminista martxoaren 8aren bueltako egitaraua antolatzen. Horretarako deialdi irekia egin dute datorren otsailaren 9rako, 19:30ean Torrezabal Kultur Etxean.
Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu ohi du mundu osoak martxoaren 8an, oraindik ere, badagoelako zer aldarrikatu eta borrokatu. Horregatik, eta egun seinalatu hau «antolatzea denon lana» dela adierazita, Galdakaoko Momoak Talde Feministatik asanblada irekia deitu dute otsailaren 9rako.
Lehenengo hitzordu hau datorren eguaztenean, hilak 9, Torrezabal Kultur Etxean antolatuko da 19:30ean, eta deialdia M8aren antolaketan parte hartu gura duen orori dago zabalik. Hala adierazi du Momoak taldeak bere Instagram kontutik: «Danon parte-hartzea garrantzitsua izango da zerbait txukuna antolatzeko… beraz, animatu eta elkar ikusiko dogu 9an!».