Galdakaoko Udalak Maximo Moreno Musika Eskolan izena emateko epea ireki du eta maiatzaren 22ra bitarte egin daiteke. Matrikula Udalaren webgunearen bidez egin beharko da.
Maximo Moreno Musika Eskolan 2026-27 ikasturterako izena emateko epea gaur irekiko du Galdakaoko Udalak. Maiatzaren 22ra arte egongo da zabalik, eta hiru aste horietan interesdunek eskaera modu telematikoan egin ahal izango dute.
Matrikula udalaren webgunearen bidez egin beharko da, epea hasten den lehen egunean aktibatuko den formularioa betez. Prozesua errazteko, zailtasunak dituzten pertsonei aurrez aurreko laguntza eskainiko zaie musika eskolan bertan, herritar guztiek online izapidea normaltasunez egin ahal izan dezaten.
Kasu horretan, arreta ordutegia honakoa izango da: astelehen eta eguenetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta martitzen, eguazten eta barikuetan, 09:00etatik 14:00etara.
Musika Eskolak prestakuntza zabala eskaintzen du, profil eta adin desberdinetara egokitua, 5 urtetik hasita. Horrela, «irakaskuntza hainbat mailatan antolatzen da, musikarekin lehen harremana izan nahi dutenentzat zein aurretik dituzten ezagutzak garatu nahi dituztenentzat».
Hezkuntza eskaintzaren barruan hainbat instrumentu jotzen ikasteko aukera dago, hala nola akordeoia, bateria, klarinetea, biolina, biolontxeloa, tronpeta, saxofoia, pianoa eta kantua.
Prestakuntza programak, halaber, abesbatza, talde instrumentalak edo proposamen egokituak barne hartzen ditu, baita ibilbide musikal handiagoa duten ikasleei zuzendutako tailerrak ere. Gainera, laguntza eskolak eskaintzen dira irakaskuntza arautuetara, kontserbatoriora, besteak beste, sartzeko prestatu nahi dutenentzat.
Aurreko urteetan bezala, Udalak laguntza ekonomikoak eskainiko ditu, musika ikasketetarako sarbidea errazteko eta matrikularen kostua arintzen laguntzeko, familien egoera ekonomikoaren arabera.
Izen-emate prozesuari, ikastaroen eskaintzari, ordutegiei eta baldintzei buruzko informazio osoa Udalaren webgunean dago eskuragarri.




