Miguel Angel Martin, Bizkaia Bai plataformako alkategai
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Yvonne Iturgaiz
Bizkaia Bai plataforma Galdakaoko udal-hauteskundeetara aurkeztuko da eta Miguel Angel Martin izango da taldearen alkategaia. Martin Auzoak-ekin aurkeztu zen 2019ko udal-hauteskundeetan baina taldetik alde egin zuen eta ordutik atxiki gabeko zinegotzi bezala jarraitu du.
Udaletako talde independenteek bilera egin zuten pasa den eguaztenean Galdakaon eta honetan Galdakaoko udal-hauteskundeetara aurkeztuko dela iragarri zuen Bizkaia Bai plataformak, Binkek jaso zuen moduan.
Plataformak iragarri duenez, Miguel Angel Martin izango da plataformaren alkategaia. Martin Auzoak-ekin aurkeztu zen 2019ko udal-hauteskundeetan baina taldetik alde egin zuen. Hala ere, atxiki gabeko zinegotzi bezala jarraitu zuen, eta gaur egun ere horrela dabil.
Martin berak Binkeri azaldu dion moduan, auzoak izango dira Bizkaia Bai plataformaren programaren oinarria. «Auzoak ahaztu dituzte agintaldi honetan. Proiektuak egin dituztela ikusi da baina oraindik asko dago egiteko», adierazi du. «Galdakao oso herri handia da eta txoko guztietara heldu behar gara udal politikekin», azpimarratu du.
Bestalde, «benetazko gardentasuna» beharrezkoa dela nabarmendu du: «Herritarrak informatzea ezinbestekoa da eta hau faltan bota dudan arloa da. Nire aldetik gardentasuna izango dute proiektu eta proposamen bakoitzean».
Ekonomiari dagokionez, bideragarritasuna eskatu du Martinek. «Gauza asko egin daitezke, proiektu asko aurrera eraman daitezke baina efizientzia bilatu behar da beti», adierazi du.
Azkenik, Bizkaia Bai plataformarentzat kudeaketa «garrantzitsuena» dela nabarmendu du: «Proiektuak dira gure oinarria, udal kudeaketa aurrera eramatea, ideologia alde batera utziz».
Plataforma izan arren, Bizkaia Baik ez ditu sinadurak bildu behar Galdakaoko udal-hauteskundeetara aurkezteko Bizkaia mailako taldea delako.