Mikel Fernandez munduko orkestra zuzendari gazteen lehiaketaren finalaurrekora heldu da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Lovro & Lilly Matačić Foundation
Mikel Fernandezek Lovro von Matačić orkestra zuzendari gazteen nazioarteko lehiaketan parte hartu du eta finalaurrekora heldu da. Guztira berrehun zuzendari aurkeztu dira lehiaketara eta hamasei onenen artean aukeratu du epaimahaiak. Zuzendari galdakoztarrarekin hitz egin du Binkek.
Lau urtean behin antolatzen dute Lovro von Matačić zuzendari gazteen nazioarteko lehiaketa eta aurten galdakoztar batek parte hartu du: Mikel Fernandez. Gaztea beste berrehun zuzendarirekin batera aurkeztu zen eta epaimahaiak hamasei onenen artean aukeratu zuen, finalaurrekora helduz.
Finalera iritsi ez arren, oso pozik dagoela aitortu dio Fernandezek Binkeri: «Benetan harro nago mundu osoko zuzendaritzan berrehun hautagai eta talentu gazteren artean hautatua izateaz eta Zagrebeko Filarmonika zuzentzeko eta harekin lan egiteko aukera izateaz».
«Urrats garrantzitsua da etorkizunerako eta nazioarteko proiekziorako nire ibilbidean. Eta, jakina, oso zoriontsu egiten nau nire 26 urteetan Zagrebeko Filarmonikoarekin lan egin ahal izateak, eta horrelako testuinguru garrantzitsu batean!», azaldu du.
Ibilbidea oparoa izaten ari da galdakoztarra eta gaur bertan entseguak eta kontzertuak egiten hasiko da Rotterdameko Sinfoniarekin, 2021-2022 denboralditik zuzendari laguntzaile gisa lan egiten duen orkestra profesionalarekin.
«Une honetan lan asko dut eta oso pozik iristen diren aukera guztiekin eta nire egungo ardurekin eta lanbideekin. Beraz, beti nago eskaintza berriak ikusteko prest, baina epe laburrean Rotterdamen dago nire lekua», adierazi du, «etxean laster zuzentzeko aukera izatea» nahi duela azpimarratuz.