Oneka Perea Ariznabarreta, Estokolmoko galdakoztarra
BINKE / 2022ko maiatza

«Galdakaon dagoen herri eta elkarte giroa falta zaio Estokolmori»

Sortzez: Galdakaokoa.
Gaur egun: Stockholm (Suedia).
Jaiotza urtea: 1998.
Ikasketak: Biokimika eta Biologia Molekularra EHUn.
Zertan dabil: Toxikologiako masterra bukatzen.

Zerk eraman zintuen herritik alde egitera? Hitz laburretan esanda, ikasketek eta nire garapen profesionalak. Karrerako hirugarren urtean Erasmus egonaldi bat egiteko grinak eraman ninduen lehendabiziz herritik alde egitera.

Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Batez ere klima nabarmenduko nuke. Hotza maite dudan arren, Galdakaon ez gaude ohituta -15ºCko neguetara, eta hori Suedian bizi naizenetik ikasi dudan zerbait da. Elurra ere gogoz jausten da neguan zehar, eta neguak, oro har, urri bukaeratik apirilerarte irauten du. Honekin batera, argi eskasia ere daukagu…

Zer du zure hango herriak, Galdakaok ez duena? Eta alderantziz? Estokolmok, hiriburu izan arren, badu bake eta lasaitasuna haren kaleetan. Puntako orduetan, metroa bete-beterik doan arren, ez dago itzelezko zaratarik, marmar isiltxo bat baizik. Euskal Herrian pixka bat zalapartatsuagoak garen artean. Aitzitik, Galdakaon dagoen herri eta elkarte giroa falta zaio Estokolmori. Ez daukate kuadrila bezalako kontzepturik, edo bazkari popularrik, ezta herriko jairik ere…

Zeren falta sumatzen duzu han? Bereziki familiarena eta lagunena. Bi urte eta gero, nahiko talde handia egin dut Estokolmon ere, baina saihestezina da familiartekoek zein kuadrilakoek egiten dituzten plan gehientxoenak ukatu behar izatea. Oso harreman estua dut gurasoekin, eta telefonoz ia egunero hitz egiten dugun arren, batzuetan haien besarkada, mimo, edo musuak dira gehien behar ditudanak. Aitite-amamak ugariagotan ezin ikustearen pena ere badut…

Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati han bisitatzeko? Estokolmo oso hiri polita da, baina ez lar handia, pare bat egunetan ikusteko modukoa. Zerbait berezixeagoa gomendatzekotan, Suediako natura bisitatzea gomendatuko nuke. Batik bat Estokolmoko artxipelagoa.

Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Denbora guztian egiten diet hitz Galdakaoz, baita Euskal Herriaz ere. Erromeriez eta jaietako giroaz mintzatu naiz askotan, nola Santakurtzak ospatzen ditugun irailean eta orduan, herritar guztiok batzen garen ekintzak, show, lehiaketa, eta bestelako jarduerak antolatzeko. Euskal dantzez ere egin diet berba, eta behin Zazpi Jauzi dantza erakusten saiatu nintzen! (barreka)

Zer dakite gure herriaz? Suedian badakite euskaldunok berezi sentitzen garela, kultura oso berezia dugula eta ez daukala espainiarrekin zer ikusirik. Halaber, ezagutzen dute zeinetan famatua den gure gastronomia, batez ere gure pintxoak. Euskara hizkuntzaz ere badute zerbait entzunik, behintzak badakite nola ez duen Europako beste inolako hizkuntzaren antzik batere.

Zeintzuk dira zure etorkizunerako asmoak? Momentuz Suedian geldituko naizela uste dut. Abuztuan hasiko naiz laborategian lanean, sei hilabeteko kontratuarekin. Gustura banabil kontratua luzatzeko aukera emango didate otsailean.