
Osakidetzaren kontratazio-zerrendak eguneratzea eskatu zuten Usansoloko ospitaleko langileek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: LAB Sindikatua
LAB sindikatuak deituta, mobilizazioa egin zuten Usansoloko ospitaleko langileek pasa den astean, «Osakidetzaren kontratazio-zerrendak eguneratzea» eskatzeko. Salatu dutenez, Osakidetza «urtebete baino gehiago darama aldi baterako kontratazio-zerrendak eguneratu gabe».
Osakidetzaren kontratazio-zerrendak eguneratzea eskatzeko elkarretaratzeak egin zituen pasa den astean LAB sindikatuak zazpi ospitaletan, taartean, Usansolokoan. Sindikatuak salatu duenez, «Osakidetzako zuzendaritzak urtebete baino gehiago darama aldi baterako kontratazio-zerrendak eguneratu gabe, egungo kontratazio-protokoloa bete gabe».
«Ez dituzte izena eman duten pertsona berriak zerrendan sartzen, ez dituzte zerrendak eguneratu 2018-2019ko EPEko notekin eta langileek aukeratutako ESIren bat aldatzea eskatzen dutenean. Aldaketa ez da islatzen», adierazi dute LABetik.
«Hori guztia lanerako eskubidea urratzea da, batez ere behin-behineko langileei eta oro har, Ente Publikoan enplegua lortu nahi duten herritar guztiei. Osakidetzako zuzendaritza kontratazio-akordioa urratzen ari da, nahiko berria dena eta azken hamarkadan lortutako bakarrenetakoa. Ondorioz, LAB sindikatutik egiten dugun irakurketa da Osakidetzako akordioek ez dutela ezer bermatzen», gehitu dute.