Galdakaok Palestinari elkartasuna adieraziko dio etzi, maiatzak 15, Iturrondo plazan egingo den mobilizazioan. Bertan olibondo bat landatuko dute, «memoria ezin dela ezabatu gogoraraziko duen oroigarri bizia».
Galdakao Palestinarekin ekimenak «elkartasun osoa» adierazi nahi dio herri palestinarrari, eta, horretarako, olibondo bat landatuko dute etzi, maiatzak 15, Iturrondo plazan 18:00etan.
Gure Haurrak ere Badira mugimenduak sustatutako Pagadietatik Olibondoetara kanpainaren baitan antolatu du egitasmoa. «Zuhaitz hori herri palestinarraren sustraien, erresistentziaren eta memoriaren sinboloa da, 1948tik Israelgo estatu sionistaren jazarpena jasaten duen herriaren sinboloa, hain zuzen ere. Olibondo hori memoria ezin dela ezabatu gogoraraziko duen oroigarri bizia izango da», adierazi dute ekimenetik.
Herri-plataformak Gazako indarkeria berehala amaitzea eskatu du, «Zisjordaniako okupazioa amaitzea, segregazio-sistema amaitzea eta errefuxiatu palestinar guztien itzultzeko eskubidea bermatzea».
«Gazako Zerrendak muturreko egoera bizi du. 2023ko urritik, Israelgo armadaren erasoek hamarnaka mila heriotza eragin dituzte, gehienak emakumeak eta haurrak. Ospitaleak, eskolak, unibertsitateak, eraikin erlijiosoak eta oinarrizko azpiegiturak suntsitu dituzte. Blokeoak ez du uzten elikagai, ur eta botika nahikorik sartzen, eta horrek krisi humanitario larria eta gosea eragin ditu, bereziki Gazako iparraldean», nabarmendu du.
«Zisjordania okupatuan, Ekialdeko Jerusalem barne, indarkeria ere egunerokoa da. Kolono armatuek, armadak babestuta, lurrak okupatzen dituzte, laboreak suntsitzen dituzte eta familiak beren etxeetatik kanporatzen dituzte. Urritik, ehunka palestinar hil dituzte Zisjordanian», gaineratu du, herritarrak mobilizazioan parte hartzera animatuz.




