Pontzi Zabalan beste bi arrapala mekaniko eraikitzeko lanak bihar hasiko dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Pontzi Zabalan beste bi arrapala mekaniko eraikitzeko lanak bihar, apirilak 15, hasiko dira. Honen ondorioz ibilgailuek ezingo dute aparkatu obren gunean eta gorantzako norabidean soilik sartu ahalko dira.
Bihar, apirilak 15, Pontzi Zabala kale aldapatsuan arrapala mekanikoak jartzeko egitasmoaren bigarren faseari ekingo dio Galdakaoko Udalak. Duela urtebete martxan jarritako arrapalari beste bi gehituko dizkio eta Zabalearaino iritsiko dira arrapala berriak.
Bi norabidekoak izango dira, igotzekoa eta jaistekoa, adineko pertsonek hala eskatuta. Izan ere, «mugikortasun arazoak dituztenek ohartarazi izan dute igotzeko nekeza baina jaisteko arriskutsuak egiten zaizkiela halako aldapak». Eta bestetik, estalita egongo dira, bi arrazoi nagusirengatik: «herritarrak euritik babesteko eta arrapalak urez blaitzean irrist egiteko arriskua txikitzeko».
Astelehenean hasiko dira bigarren eta hirugarren arrapaletarako lanak, eta, obrek eragina izango dute batez ere bertatik ibilgailuz pasatzen direnengan.
Lanen gunean aparkatzea debekatuta egongo da eta ibilgailuek ezingo dute Zabaleatik behera jaitsi; norabide bakarrekoa izango da errepide hori lanek iraun bitartean, gorantzakoa. Pontzi Zabala 9ko eta Zabalea 12ko garajeetara doazenei soilik baimenduko zaie Zabaleatik sartzea.
Lanek zortzi hilabete inguru iraungo dutela aurreikusten da, eta urte amaiera aldera egongo dira martxan hiru gailuak. 1.915.000 euroko aurrekontua du proiektuaren bigarren fase honek.