Salatutako etxegabetzea «desokupazio» bat dela dio Banco Santanderrek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Etxebizitza Sindikatua
Galdakaoko familia baten etxegabetzea salatzeko batu zirela argitaratu du Binkek gaur goizean eta albistea gezurtatzeko deitu du Galdakaoko Banco Santanderreko zuzendariak. Hemen batu dugu zuzendariak zehaztutakoa.
Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuko kideak eta hainbat auzokide Banco Santanderrek adinez txikiko hiru haur dituen ama gazte bat etxegabetu gura duela salatzeko batu ziren atzo eta horrela jaso du Binkek gaur goizean.
Galdakaoko Banco Santanderreko zuzendariak ordea, etxegabetze bat dela gezurtatzeko deitu dio Binkeri. «Ez da etxegabetze bat, okupazio bat baizik», azpimarratu du. Zuzendariaren hitzetan, «emakume hau ez da etxebizitzaren titularra eta egun ez du eta ez du inoiz izan alokairu kontraturik».
«Ostikada bat emanez okupatu zuen eta ez ditu argiaren eta uraren fakturak ordaintzen», adierazi du zuzendariak. «Etxegabetze baten ostean funts bati saldu genion etxea eta hau da urrian hasi zen desokupazio prozesuaren atzean dagoena», azaldu du.