San Silvestre lasterketa aitzindaria sortu zutenei omenaldia egin die Galdakaoko Udalak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko San Silvestre lasterketa aitzindaria da oso: Euskal Herriko eta espainiar estatuko Gabonzaharretako zirkuiturik zaharrena delako bertakoa. Eta ekimenarekin hasi zirenei aitortza eta omenaldia egin die gaur eguerdian Galdakaoko Udalak.
Han eta hemen antolatzen dira Gabonzahar eguneko San Silvestre lasterketak; ohikoak dira herri askotan. Baita Galdakaon ere. Baina gureak, gainera, badu berezitasun bat: Euskal Herri osoko eta baita espainiar estatuko San Silvestre lasterketarik zaharrena da galdakoztarra.
Lagun talde batek, trenean lanetik eta lanera egiten zituen joan-etorrietako berbaldietan erabakita, La Plataforma kluba sortu zuen 1961. urtean. Talde honek Gabonzaharretan antolatzeko zirkuitu bat diseinatu zuen Galdakaoko kaleetan barna, eta Frankismoaren diktadura betean aritu ziren hiru urtez Galdakaoko San Silvestre lehiaketa antolatzen. Beste inor baino lehen.
Gerora, 1973an, Galdakao Atletismo Taldeak hartu zuen lasterketa erreferente hau antolatzearen lekukoa. Gaur egun ere klub galdakoztar hau da abenduaren 31ko hitzordu honen arduraduna. Horregatik, La Plataforma taldeko kideei eta ostean lekukoa hartu zuten Galdakao Atletismo Taldeko kideei aitortza eta omenaldia egin die lehenengoz Galdakaoko Udalak, Iñigo Hernando alkatea buru dela.
Hauek izan dira Galdakaok omendutako pertsonak edota euren ondorengoak, Eider Arregi Galdakao Atletismo Taldearen ordezkariari eskerrak eman ostean:
Pedro Mari Rementeria, Alfonso Tutor, Ignacio Anza, Fernando Oliden, Ignacio Izagirre, Marcos Gonzalez, Manolo Cabo, Severin Agirre, Jose Maria Ilardia, Joakin Ibarretxe eta Pedro Aretxaga Plataforma klubeko kideak, eta Jesus Landeta eta Fernando Landa, lekukoa 1973an hartu zutenak.
Sortzaile haiei edo haien oinordekoei zilarrezko haritzaren hosto bana eman diote Asier Korta Kirol zinegotziak gidatu eta udaletxeko pleno aretoa jendez lepo hartu duen saioan.