
Santakurtzetako kontzertuak aukeratzeko prozesua bihar abiatuko da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Bihar jarriko da martxan aurtengo Santakurtzetako kontzertuak proposatzeko prozesua. Herritarrek irailaren 12, 13, 19 eta 20an Ardanza parkean egingo diren kontzertuak erabaki ahal izango dituzte galdeketa baten bitartez.
Azken urteetan bezala, Galdakaoko Udalak eta Jai Batzordeak herritarren esku utziko dute aurtengo Santakurtzetako kontzertuen aukeraketa. Horretarako bihar, otsailak 26, hasiko den galdeketa irekia jarri dute martxan eta martxoaren 9ra arte izango dute herritarrek bozkatzeko.
Irailaren 12, 13, 19 eta 20an izango dira kontzertu nagusi horiek Ardantza parkean eta hauek izango dira galdeketa ireki bidez erabakiko direnak. 16 urtetik gorako galdakoztar guztiek parte hartu ahalko dute erabakian.
Prozedura errazteko eta papera aurrezteko helburuz, proposamenak Udalaren parte hartze plataforman egin daitezela eskatu du Udalak. Bertan proposamenak egiteko kontu bat ireki behar da eta horretarako laguntza nahi dutenentzat stand bat jarriko da martxoaren 18an, astelehena, Iturrondo plazan, 18:00etatik 19:30era. Halaber, online izapidea egiteko zailtasunak dituztenek Partaidetza Arlora deitu ahal izango dute.
Proposamenak aurrez aurre egin nahi dituztenentzat, berriz, hautetsontziak jarriko dira Torrezabal Kultur Etxean, Aperribaiko liburutegian, Urreta kiroldegian eta udaletxean.
Herritarren proposamenek aurrera egin dezaten, baldintza batzuk bete beharko dituzte: mezu edo jarrera diskriminatzaileak sustatzen dituzten taldeak ez dira onartuko, ezta aurreko hiru urteetan Santakurtzetan jo dutenak ere, eta talde bat onartua izan dadin, gutxienez lau elkartek edo pertsonek proposatu beharko dute.
Halaber, gutxienez kontzertuen erdietan emakumeen presentzia eta euskararen presentzia bermatuko direla aintzat hartzea gomendatu du Udalak eta elkarte, koadrila edo pertsona bakoitzak gehienez lau musika talde proposatu ahal izango dituela gogorarazi du.
Lau faseko prozesua
Lehen fasea amaitutakoan, herriko jaietarako kontzertuak hautatzeko prozesuak honako etapa hauek jarraituko ditu:
– 2. Fasea: proposamenen azterketa teknikoa, martxoaren 12tik 21era
Udaleko kultura teknikariek talde bakoitzak ezarritako baldintzak betetzen dituen aztertuko dute, eta galbahea gainditzen duten taldeen prestasuna egiaztatuko dute. Horrez gain, honako irizpide hauek hartuko dituzte kontuan:
Udaleko kultura teknikariek talde bakoitzak ezarritako baldintzak betetzen dituen aztertuko dute, eta galbahea gainditzen duten taldeen prestasuna egiaztatuko dute. Horrez gain, honako irizpide hauek hartuko dituzte kontuan:
- Taldeen behar teknikoak. Eszenatokiaren tamaina eta musika ekipoa, esaterako, Galdakaora egokitzeko modukoak izatea
- Aurrekontu muga. 80.000 euro bideratu dira kontzertu guztietarako; beraz, 50.000 eurotik gorako kostua duten taldeak automatikoki geratuko dira kanpoan
- Emakumeen presentzia esanguratsua. Abeslaria edo taldekideen erdia baino gehiago emakume izan behar dira, gutxienez kontzertuen erdietan
- Euskararen presentzia, gutxienez kontzertuen erdietan
Oinarrizko betekizunen bat bete gabe geratuko balitz, Udalak berak neurriak hartuko lituzke gutxieneko horiek bermatzeko.
– 3. Fasea: kontzertuetarako aukerak sortzea, martxoak 21-25
Udaleko Kultura Arloak, Jai Batzordearekin elkarlanean, lau kontzertuetarako aukerak zehaztuko ditu egun bakoitzerako. Estilo aniztasuna bermatzeaz, aurrekontura egokitzeaz eta emakumeen zein euskararen presentzia barneratzeaz arduratuko da.
– 4. Fasea: taldeak aukeratzea, martxoaren 27tik apirilaren 6ra
Kontzertuetako bat Jai Batzordean bozkatu eta erabakiko da. Jai Batzordeko kide diren elkarte eta kuadrilla bakoitzak boto bat izango du, eta bozketa batzar batean egingo da. Batzar hori aldez aurretik zehaztu eta iragarriko da.
Emaitzen berri jendaurrean emango da, zenbaketa osoa egin ondoren.