Santakurtzetako kuadrilen txapelketan 64 taldek eta 1.255 pertsonek hartuko dute parte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Santakurtzak gaur, irailak 13, hasiko dira eta urtero moduan Kuadrilen Txapelketa antolatuko da jaietan. Aurten hiru modalitate lehiatuko dira eta hauetan guztira 64 taldek eta 1.255 pertsonek hartuko dute parte.
Jai giroa bizi daiteke honezkero Galdakaoko kaleetan. Gaur, irailak 13, hasiko dira Santakurtzak eta hilaren 22ra bitarte hamaika ekintzaz gozatzeko aukera izango da herriko txoko ezberdinetan.
Urtero moduan, kuadrilak izango dira protagonista nagusienetakoak eta hauei zuzendutako txapelketa antolatuko da hamar egunetan zehar. Arrakasta itzela izan ohi duen lehiaketak milaka pertsona batuko ditu oraingoan ere.
Guztira, 64 taldek eta 1.255 pertsonek hartuko dute parte Kuadrila Txapelketaren hiru modalitateetan, eta baita noski bihar txupinazoa baino lehen Plazakoetxetik udaletxeraino igaroko den desfilean.
Jende gehien bilduko duen froga ohiko Kuadrilen Lehiaketa izango da berriz ere, 54 kuadrila eta 1.105 parte-hartzailerekin. Txapelketa Ttipian aldiz, 5 kuadrilek eman dute izena eta 107 lagunek parte hartuko dute. Azkenik, 12 eta 16 urte arteko gazteentzat zuzendutako txapelketan 5 talde eta 43 pertsona arituko dira.
Aurten, berrikuntza moduan, lehia osasuntsuaren aurkako jarrerak plazaratzeko helburuz, Limoi Saria banatuko da kuadrilen artean, BINKEk jaso zuen moduan.