Santakurtzetako pregoilari izateko 12 hautagaiak aurkeztu dituzte

Argazkia: Peio Zamalloa.

Aurten ere herritarrek aukeratuko dute Santakurtzetako pregoilaria, eta hori hautatzeko epea zabalik dago honezkero. Hemen batu dugu aurkeztutako 12 hautagaien zerrenda.

Santakurtzetako pregoilaria aukeratzeko hautagaiak proposatzeko aukera izan dute herritarrek aurreko asteetan, eta behin hautagaitzak jasota eta aztertuta, botoa emateko unea iritsi da.

Fase hori ekainaren 30era arte irekita dago, eta 12 dira aurkeztutako hautagaitzak. Proposamen bakoitzarekin batera, herritarrek euren proposamenak arrazoitzeko hainbat azalpen ere aurkeztu dituzte, eta, besteak beste, ibilbidea, herriari egindako ekarpena, elkartasun lana, kultura eta kirolaren sustapena edo aniztasunaren aldeko konpromisoa nabarmendu dituzte.

Hauek dira aurtengo hautagaitzak:

  • Laia Ruiz Laguna: Gazteen artean erreferente izateagatik eta kirolarekin, euskararekin, feminismoarekin eta LGTBIQ+ kolektiboaren aldeko konpromisoarekin lotuta egoteagatik proposatua.
  • Areto Dantza Elkartea: Aurten 25 urte betetzen dituen elkartea, dantzaren bidez adin eta jatorri ezberdinetako pertsonak biltzen dituena.
  • Iskander Sagarminaga: Kirol arloan lortutako lorpenengatik eta Galdakaoren izena nazioartean zabaltzeagatik proposatua.
  • C.D. Galdakaoko beteranoen elkartea: Aurten 20 urte betetzen dituen taldea, kirolaren bidez Galdakaoren izena hainbat tokitan zabaldu duena.
  • Alejandra Carrasco: Herrian egiten dituen gizarte proiektuengatik proposatua, Galdakao TEAyuda esaterako.
  • Jon Larrazabal: Pentsiodunen mugimenduarekin eta herriko hainbat ekimen sozialekin lotutako ibilbideagatik proposatua.
  • Liburutegiko langileak: Herritarrei eskaintzen dieten arreta eta eguneroko lana aitortzeko proposatuak.
  • GBGE Galdakao Elkartea: 2013tik elkartasun eta gizarte laguntza lanetan aritzen den elkartea, ehunka boluntario mobilizatu dituena.
  • Galdakaoko Txistularien Banda: Urte luzez euskal kultura eta musika tradizionala herrian zabaltzen aritu den taldea.
  • Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea: Elkartasunean eta elkar laguntzan oinarritutako lana egiten duen herriko sarea, herritarren ongizatea hobetzen lagunduz.
  • Galdakao Palestinarekin: Palestinarekiko elkartasuna eta nazioarteko giza eskubideen aldeko konpromisoa ikusgarri egiten duen kolektiboa.
  • Galdarra antzerki taldea: Herriko kultur bizitzan egindako lan eta ekarpena aitortzeko proposatuak.

Bozketa herritarren udal parte hartze plataformaren bidez edo presentzialki egin ahal izango da, Torrezabal Kultur Etxean, Urretako kiroldegian, udaletxean eta Aperribaiko liburutegian jarriko diren hautetsontzien bidez. Herritar bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du.

Epea amaitutakoan boto gehien jasotzen dituen hautagaiak izango du 2026ko Santakurtzetako pregoia emateko ardura. Txupineroaren aukeraketa, berriz, Jai Batzordeak egingo du, aurreko Santakurtzetan parte hartu duten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten koadrillen artean zozketa eginda.


situs togel

situs toto