Txomin Aurrekoetxea hil da, legebiltzarkide ohia eta Sahararen aldeko borrokalari ezaguna
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: EAJ-PNV
Gaztetatik Galdakaorekin lotura pertsonal eta politikoa izan duen Txomin Aurrekoetxea politikari ohia hil da. EAJ alderdiarekin Eusko Legebiltzarreko parlamentari urte luzez izateagatik eta Sahararen eskubideen alde egindako lan handiagatik izan da Aurrekoetxea ezagun. Gugan bego.
Iragan domekan, irailak 29, bere bizitza pertsonal eta politikoa Galdakaon egin duen Txomin Aurrekoetxea Iza dimoztarra (Dima, 1943-2024) zendu da, 81 urte zituela.
Aurrekoetxea ezagun izan zan, besteak beste, urte luzez EAJko legebiltzarkidea izanagatik. Lan horretan 1984tik 2005era bitarte aritu zen, Karlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariekin batera.
Gehien landu zituen esparruak hezkuntza, euskara eta Giza Eskubideak izan ziren. Azken arlo honetan ere egin zuen lanagatik izan zen politikari ohia ezagun, Sahararen aldeko borrokalari sutsua baitzen. Mendebaldeko Sahararen Aldeko Instituzioen presidente zela egindako lana aipatzen dute askok, eta zenbait komunikabideren arabera «Euskal Herrian zein atzerrian lan egin izan du, zehazki hiru aldiz izan zen New Yorken Sahararen aldeko aldarrikapenak entzun zitezen».
Politikagintzan sartu aurretik ordea, Zulaibar Arratiako Lanbide Ikastegiko zuzendari izan zen.
Txomin Aurrekoetxea Iza agurtzeko hileta-elizkizuna astelehen honetan izango da, irailak 30, Galdakaoko Santa Maria eleiz parrokian 19:00etan hasita.