Usansoloko erdigunean geltokia eskatzen ari dira berriz, udako etenaldiaren ostean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Geltokia Erdigunean
Geltokia Erdigunean plataforma Meatzetan batzen hasi zen uztailean, Metroko obretako kamioiak gelditzeko helburuz. Abuztuan egindako etenaldiaren ostean, berriz batzen hasi da goizero 08:30ean.
Usansolotarrek Metro geltokia erdigunean eskatzen jarraitzen dute eta Geltokia Erdigunean plataformak hainbat mobilizazio antolatu ditu azken hilabeteetan aldarrikapen honen harira. Besteak beste, Meatzetan batzen hasi ziren uztailean, Metroko obretako kamioiak gelditzeko helburuz.
Oporren aurretik, uztailaren 24an batu ziren azken aldiz eta abuztuan etenaldia egin ostean, astelehenean, irailak 2, izan ziren berriz auzokideak Meatzetan, geltokia erdigunean ezartzea aldarrikatzeko.
Plataformak jakinarazi duenez, barikura arte egunero errepikatuko dute kontzentrazioa, 08:30-17:30 ordutegian. «Geltokia Usansolo erdigunean lortu arte batuko gara!», adierazi dute.