Usansoloko Ospitalean pediatria eta erditze zerbitzuak eskaintzea eskatzen ari dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Etxaburu
Usansoloko Ospitalea handitu eta hemeretzi espezialitate eskainiko direla iragarri zuen pasa den urtean Eusko Jaurlaritzak. Hauen artean ordea pediatria eta erditze zerbitzuak ez daudela salatu dute hainbat elkartek, eta hauek eskatzeko sinadura bilketa hasi dute.
Eusko Jaurlaritzak Usansoloko Ospitalean eraikin berri bat egingo zela iragarri zuen pasa den urtean. Binkek jaso zuen moduan, handitze-lan horiei esker hemeretzi espezialitate eskainiko dira Labea auzoan kokatuta dagoen ospitalean, besteak beste, alergologia, kardiologia, dermatologia, endokrinologia, pneumologia, neurologia eta traumatologia.
Zerrenda honetan ordea, ez dira pediatria eta arrisku baxuko erditze zerbitzuak sartzen. Horiek «beharrezkoak» direla salatu dute 60 elkarte inguruk eta hauek eskatzeko sinadura bilketa hasi dute.
Elkarteen hitzetan, zerbitzu bi horiek jasotzeko Gurutzeta edo Basurtoko ospitaletara joan behar dira eta kasu askotan «70 kilometro egin behar ditugu horretarako eta ez dago ia garraio publikorik». «Oinarrizko zerbitzuak dira eta ospitale txikiagoetan dagoeneko existitzen dira», azaldu dute.
«Gure ospitalea da, hurbila, ezaguna eta euskalduna eta horregatik hemen jaso behar ditugu zerbitzuak», aldarrikatu dute elkarteek, herritarrak sinadura ematera animatuz.