Yrama Simarro entrenatzaileak brontzezko domina lortu zuen Espainiako Igeriketa Artistikoko Txapelketan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Uribarri Sinkro Kluba
Etxebarriko Uribarri Sinkro Klubak brontzezko domina lortu zuen Espainiako Txapelketan, haur kategorian. Zortzi kidek osatutako taldeak «emaitza historikoa» eskuratu zuen Zaragozan antolatutako lehiaketan, Yrama Simarro entrenatzaile galdakoztarraren zuzendaritzapean.
Uztailaren 6tik 9ra bitarte Igeriketa Artistikoko Bigarren Mailako alebin eta haur mailako Espainiako Txapelketa antolatu zen Zaragozan. Hitzorduan 39 taldetako 400 kirolari batu ziren, haien artean Etxebarriko Uribarri Sinkro Klubeko kideak.
Itsasne Arraizek, Maia Carreñok, Irene Ibarretxek, Aitana Leónek, Ainhize Marcok, Nerea Pardok, Uxue Saratxagak eta Ane Segurak brontzezko domina lortu zuten txapelketan, emaitza «historikoa» klubarentzat. Izan ere, klubak Espainiako txapelketa batean lortu duen lehen domina izan da hau.
Arrakasta hau galdakoztar baten eskutik lortu zuten: Yrama Simarro entrenatzaile galdakoztarra. «Urbarri Sinkro Klubeko eta Igeriketa Artistikoko Euskal Selekzioko entrenatzaile lanarekin batera unibertsitate-ikasketak egiten dituen entrenatzaile gaztearen merituzko ahalegina izan da ere lorpena», azpimarratu dute klubetik.
«Zorionak! Data hau markatzen dugu Klubaren historiaren egutegian», adierazi dute sare sozialetatik.