«Zaborra mendian», Miren De Regil
Iritzia
Miren De Regil Gil
BINKE / 2020ko abendua
Zaborra mendian
Mendietan aurkitu dut inork eman ezin didan besarkadaren babesa. Naturak zabaldu dizkit bere barrenak, sustraietatik ihes egin ahal izateko. Naturak, besoak zabaltzen ditu edonoren aurrean baina gizakiaren berekoi izaerak adar diren beso horiek moztu egiten ditu.
Asko poztu nintzen deskonfinamenduan kirolak hartu zuen indarraz. Mendiak beteak zeuden, herriko inguruak aztertzera ausartu ziren herritarrak bide zoragarriekin aurkitu ziren. Kirolak natura maitatzera eramaten zaitu, edo alderantziz agian, naturak kirola maitatzera eramaten zaitu.
Ordea, nire pozak haserre bilakatu ziren. Gure basoek eskaintzen zigutena guk geuk zapuzten genuen, musukoak sasiartean, mukizapiz betetako bideak eta edonolako plastikoak… inoren etxea ez den naturan nolatan aurkitzen ditugu edonoren etxeko altzariak bide ertzeetan?
Askoren babesa zabortegi bilakatu da. Bakoitzak du inguruarekiko ardura, garbi ikusi nahi diren inguruak garbi mantendu behar dira. Instagramera igo nahi diren paisaietan zikinkeriek lekua ez duten antzera, bizitza errealean zabor guzti horrek naturan ez du lekurik, natura ez da inoren zakarrontzia, denona da erantzukizuna.