Su hartu zuen etxe batek atzo Zuhatzun, bizilagunak etxetik irten berri zirela
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Bizilagunek Binkeri bidalitakoak
Santa Barbara futbol zelai galdakoztarreko etxebizitza batek su hartu zuen atzo, teilatua bera ere kiskalita. Lau ordu behar izan zituzten suhiltzaileek egoera erabat kontrolatzeko, eta zorionez ez zen zauriturik izan, bertako bizilagunak etxetik irten berri zirelako.
Asteleheneko arratsaldearen lehenengo orduetan deia jaso zuten Segurtasun Saileko larrialdi zerbitzuek, Zuhatzu auzo galdakoztarreko etxe batek su hartu zuenaren berri jasotzeko. Basauriko egoitzako suhiltzaile gehienak bertaratu ziren ezbeharra gertatutako lekura eta berehala zabaldu zuten larrialdi eremua ertzain, anbulantzia eta udaltzainekin batera.
Santa Barbara futbol zelaiaren pareko bi familiako etxe batek su hartu zuen bere eskuin hegaletik, Hermano Victor kalean, eta teilatu osoa kiskaltzera ere iritsi ziren sugarrak. Lau ordu inguru behar izan zituzten suhiltzaileek sua amatatzeko, eta 19:00 aldera egoera kontrolpean izatea lortu zuten.
Zorionez, auzokide batek Binkeri adierazi zionaren arabera, kiskalitako etxeko bizilagunak etxetik irten berri ziren. Beraz, alboko bizilagunak eta inguruetako adinekoen egoitzetako kideak ere ingurutik aldendu ostean, zauriturik ez zela egon ziurtatu dezakete Segurtasun Sailetik.
Oraindik sutearen zergatia ikertzen ari dira aipatutako sailean.