Joana Lasheras kazetaria, Ene Kantak taldearen bideoklip berriko protagonista
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Ene Kantak EiTB
EiTBko Ene Kantak taldeak kantu propioak sortzen ditu maiz, eta horien bideoklip koloretsuak egin ere. Azken kantuaren bideoklipean, «Garro olagarroa» abestian, Galdakaon bizi den Joana Lasheras kazetaria izan da gonbidatu protagonista.
Etxeko txikien artean ezaguna da oso EiTBko Ene Kantak taldea, zuzeneko ikuskizunak ez ezik telebistan ere saio propioa duena. Antzezpenez aparte arrakasta handia dute taldearen kantuek, eta kantu askotan pertsonaia ezagunen bat gonbidatu ohi dute bideoklipean parte hartzeko. Azken protagonista Galdakaon 15 urte daramatzan Joana Lasheras kazetari iruindarra izan da.
Irailean grabatu zuten Ene Kantak taldekoek «Garro olagarroa» kantuaren bideoklipa, gaur gaurkoz argitaratu duten azkena. Bertan gonbidatu ageri da Lasheras, ETBko albistegietako erreportaria, protagonistekin dantzatzen eta abestiaren bigarren errepikatik aurrera baita kantatzen ere. Berarekin batera, Atarrabiako Atargi eskolako haurrek dantzan hartu zuten parte bideoklipean.
Galdakoztartzat dugun kazetariak Binkeri aitortu dio hasieran lotsa pasa zuela kameren aurrean kantuan eta dantzan, «baina horrelako proposamen politei ezin ezetz esan». Gainera, bideoklipean parte hartzearekin batera, «3 Ene Kantak» saiokoek «Joana Lasheras kazetaria gertuagotik ezagutu nahi?» izenburuko elkarrizketa ere grabatu zuten berarekin saioak Burlatan duen estudioan.
Binkeren 2022ko apirileko elkarrizketa nagusia izan zen Joana Lasheras, eta elkarrizketa osoa webgunean ere irakur daiteke.