Osakidetzak kontsultetarako eraikin berri bat egingo du Usansoloko ospitalean. Proiektuaren ondorioz, Metroaren 5. linearen obrak 7 milioi euro garestitu dira.
Galdakao eta Usansoloko Ospitalearen arteko Metroaren 5. lineako obrak garestitu egin dira, bi arrazoi nagusirengatik: geltokia ospitalearen handitzera egokitu behar delako, eta obrak egin bitartean arazo teknikoak eta aldaketak izan direlako.
Tartearen kostua 81 milioi euro ingurukoa da, 13 milioiko kontratu-aldaketa berriaren ondoren. Azken aldaketa horretatik, 7 milioi ospitalearen handitzeak eragindako aldaketei dagozkie.
Handitze proiektuaren baitan, Osakidetzak kontsultetarako eraikin bat egingo du, eta baita bost solairuko lurpeko aparkaleku bat ere, BINKEk jaso zuen moduan.
Eraikuntza berri horrek metroko geltokirako eta haren sarbideetarako aurreikusitako lurpeko espazioa oztopatzen du. Bi azpiegiturak teknikoki bateraezinak dira hasieran diseinatuta zeuden bezala, eta horrek 7 milioi euroko aparteko gastuak eragin ditu.




