Gazteen ongizate emozionala zaintzeko komunitate sarea indartuko du Galdakaok

Argazkia: Freepik.

Gazteen artean ondoez emozionala goiz detektatzeko eta laguntza emozionala eskaintzeko Gazteak Saretzen proiektua jarri du martxan Galdakaok. Esku-hartzea ikastetxeetan, gazteentzako espazioetan, kirol eta kultur espazioetan, kalean eta lokaletan, egingo da, besteak beste.

Gazteak Saretzen proiektua jarri du martxan Galdakaoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatearekin lankidetzan. Egitasmoaren bidez, 14 eta 25 urte bitarteko gazteen ongizatea sustatzea eta haien inguruko babes sare komunitarioa indartzea da helburua. 

Izan ere, azken urteotan nabarmen areagotu dira gazteen artean osasun mentaleko arazoak, ondoez emozionala eta nahi gabeko bakardadea. Egoera horri erantzuteko, egitasmoak prebentzioa, detekzio goiztiarra eta laguntza emozionala uztartzen ditu.

Prozesu osoan zehar, gaztearen ongizatea, konfidentzialtasuna eta konfiantzazko harremana izango dira ardatz. Horrez gain, berdinen arteko laguntza taldeak antolatuko dira, bakardade sentimendua arintzeko eta gazteen arteko loturak indartzeko.

Esku-hartzea lan komunitarioan eta komunikazio sozialean esperientzia duen talde profesional batek egingo du, gazteen eguneroko bizitza gertatzen den espazioetan: ikastetxeetan, gazteentzako espazioetan, kirol eta kultur espazioetan, kalean eta lokaletan, besteak beste.

Horrela, gazteengandik hurbil egongo da lan taldea, haien inguruko eragileekin elkarlanean arituko da eta laguntza beharrak garaiz identifikatzeko aukera emango duten komunitate sareak osatuko ditu.

Gazte bakoitzaren egoera eta beharrak kontuan hartuta, entzute aktiboa eta gertuko laguntza eskainiko dira, eta, beharrezkoa denean, bakoitzarentzat egokiena den baliabidea bilatzen eta hara iristen lagunduko zaio.

Horretarako, baliabideen mapa osatuko da eta gazteekin harreman zuzena duten komunitateko erreferenteak identifikatuko dira —hezitzaileak, irakasleak, entrenatzaileak, familiak…—, antena komunitario gisa jardun dezaten. Pertsona horiek gaiaren inguruan sentsibilizatu eta trebatu egingo dira, gazteen ongizate emozionalarekiko sentikorra den sarea sortzeko.

Gazteak Saretzen egitasmoaren bidez, Galdakaoko Udalak gazteen ongizate emozionala zaintzeko eta haien inguruko laguntza sarea indartzeko lan egingo du. Ildo horretan, «ondoez emozionalaz eta nahi gabeko bakardadeaz normaltasunez hitz egitea sustatu, horien inguruko estigmak gainditzen lagundu eta behar dutenean laguntza eskatzera animatzen ditu gazteak, beren ingurunean entzunak eta babestuak senti daitezen».


situs togel

situs toto