Taupadak Dantza Eskola galdakoztarra Festival Musical jaialdiko txapeldun izan zen
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Taupadak Dantza Eskola
Taupadak Dantza Eskola berriko 80 kidek Max Center merkataritza guneko Festival Musical jaialdian parte hartu zuten. Euren lehenengo saria jasotzeaz gain, «proposamen oso potente bat» egin omen zion antolakuntzak eskola galdakoztarreko talde honi.
Urriko azken bi asteburuetan Telebilbao eta Radio Nervion komunikabideek Festival Musical jaialdia antolatu zuten Barakaldoko Max Center merkataritza zentroan. Talentu lehiaketa itxura eman zioten jaialdiari, eta edonork eman zezakeen izena kantuan, dantzan, magia egiten, bere abileziak erakusten… aritzeko. Eta talentu hori saritu gura zuten.
Festival Musical jaialdiaren finala urriaren 29an izan zen aipatutako merkataritza gunean, eta hasieran Galdakaoko Taupadak Dantza Eskolako kideak erakustaldia eskaintzera bakarrik zioazela uste bazuten ere, antolakuntzak lehiaketaren parte sartu zuten galdakoztarrek eskaini zuten ikuskizuna. Hori gutxi ez, eta lehenengo saria eman baitzioten 3 eta 60 urte bitarteko 80 kidez osatutako taldeari.
Festival Musical jaialdian parte hartu zuen Taupadak taldea izen bera duen Galdakaoko dantza eskola berri bateko parte da, eta saria jaso ostean Binkeri pozarren aitortu zioten: «Eskola eta elkarte bezala jaso dugun lehenengo saria eskola guztiak irabazi du!».
Gainera, sariaz gain, jaialdiko antolakuntzak taldeari «proposamen oso potente bat» egin ziola kontatu diote Binkeri, «oraindik sekretuan mantendu behar duguna».