Emakumeentzako autodefentsa tailerra antolatu dute Aperribaien, gaurko
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: JackF Copyleft
Gaur arratsalderako, martitzena, emakumeentzako autodefentsa tailerra antolatu dute Basandere elkarteko kideek Aperribaien, beste hiru erakunderen laguntzarekin. Doako ikastaroa izango da eta hemen batu ditugu tailerraren helburuak zein izena emateko zenbakia ere.
Aperribaiko Basandere emakume elkarteak autodefentsarako tailer berria antolatu du gaurko, martitzena azaroak 22, Eperlanda eskolan. Tailer hori, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin ez ezik, Euskadiko Borroka eta Sambo Federazioaren eta Kombativez klubaren laguntzarekin ere eskainiko da 18:00etatik 20:00etara bitarte.
Ikastaroa doan eskainiko da, eta bertan defentsa-mekanismoak, arrisku-egoerak identifikatzea, ihes-metodoak, eta bizi-puntuak edo kolpeak ezagutuko dira, besteak beste. Antolatzaileek Binkeri kontatu diotenaren arabera, «helburua erasoak prebenitzeko oinarrizko ezagutzak eskaintzea da, konfiantza sustatzeko autodefentsa-teknikekin konbinatuz».
Horrela ba, izena eman gura duenak, eta 16 urtetik gorakoak, ondoko WhatsApp zenbakian egin ahal izango du: 635573397.