Asfaltatze lanak egiten ari dira Abusuko igoeran eta Lapurdiko goialdean
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Herria txukuntzeko lanetan dabil Galdakaoko Udala, hainbat kale asfaltatu dituela. Egun hauetan Abusuko igoera eta Lapurdiko azken zatian konponketak egiten ari dira eta horretarako errepideak itxi eta egokitu dituzte tarte batzuetan.
Gabonak baino lehen Urretatik Tximelarrera arteko igoera asfaltatu zuen Galdakaoko Udalak eta aurretik Txispamendi. Behin ospakizunak amaituta, txukunketa lanekin jarraitu dute langileek, Abusu eta Lapurdi direla konponduko dituzten hurrengo eremuak.
Abusuko igoera hobetzeko lanak gaur, eguaztena, amaitzea espero dute, bitartean igoera itxita egongo dela ibilgailuentzat. Suhiltzaileen eraikin zaharretik Zabalganera arteko zatia da asfaltatuko dena.
Hau amaitzean Lapurdi kaleko azken zatian hasiko dituzte lanak, aparkalekutik Altzadira arteko gunean. Zehazki, Altzadiko biribilgunea eta honen beste aldean geratzen den Lapurdi kalearen azken zatia asfaltatuko dute. Gaur bertan hastea aurreikusi du Udalak eta bitartean errepidea ez da itxiko, baina ibilgailuen joan-etorria txandakakoa izango da.