Ganguren Mendi Taldeak ‘Berdintasunaren Aldeko Gailurrak’ 3. martxa antolatu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ganguren Mendi Taldea
Emakumeek mendiko kiroletan parte hartu dezaten sustatzeko helburuz, Bizkaiko Mendizale Federazioak eta Ganguren Mendi Taldeak ‘Berdintasunaren Aldeko Gailurrak’ 3. martxa antolatu dute. Hitzordua martxoaren 4an izango da eta dagoeneko izena eman daiteke.
Bizkaiko Mendizale Federakuntzak ‘Berdintasunaren Aldeko Gailurrak’ proiektua jarri zuen martxan duela hilabete batzuk lurraldeko mendi taldeen laguntzarekin. Helburua «emakumeek mendiko kiroletan parte har dezaten sustatzea eta mendizaletasuna beren bizitzako erreferente garrantzitsu bihurtu duten emakume guztiei omenaldia egitea» da.
Bi edizio egin dira jada eta hirugarrena Ganguren Mendi Taldearen eskutik helduko da martxoaren 4an. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago eta martxoaren 2ra arte egin daiteke Bizkaiko Mendizale Federazioaren webgunean. Jardueraren prezioa 5 eurokoa da federatuentzat, 7 eurokoa federatu gabeentzat eta 16 urtetik beherakoentzat doakoa izango da. Ekitaldi honetan parte hartzen duten pertsona guztiek dagokien aseguruaren estaldura izango dute.
Ibilaldiaren abiapuntua eta helmuga Ganguren Mendi Taldeak Gipuzkoa kalean duen lokalean izango da eta 13,3 kilometroko distantzia izango du, Ganguren mendira igoz. Goizeko 9:00etan hasiko da eta hiru ordu irautea aurreikusita dago. Martxa amaitzean, parte-hartzaile guztiek janaria eta oparitxo bat jasoko dute eta zozketa batean parte hartuko dute.
Ganguren Mendi Taldetik hitzorduan parte-hartzera animatzen dute, mendian «denok berdinak» garela aldarrikatuz.