Galdakaoko PSE-EEk «transparentzia handiagoa» eskatuko dio Udal Gobernuari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko PSE-EE
Galdakaoko PSE-EEk Udal Gobernuari honek iragarritako proiektuen inguruan «transparentzia handiagoa» eskatu dio. Alderdiak «herritarren benetako parte-hartzea» aldarrikatu du erabakiak hartzeko orduan eta horretarako mozio bat aurkeztu du, gaur eztabaidatuko dena udal osoko bilkuran.
Udal Gobernuari «transparentzia handiagoa» eskatu dio Galdakaoko PSE-EEk. Zehazki, beste alderdi politikoei eta herritarrei azken hilabeteetan iragarri dituen proiektuen inguruko informazio gehiago ematea eskatu dio. Horretarako, mozio bat aurkeztu du eta gaurko udal osoko bilkuran eztabaidatuko da.
Víctor Trimiñok, zinegotzia eta Galdakaoko PSE-EEko alkategaia denak, azaldu duenez, aurkeztutako testuan auzokideek haiengan «eragin zuzena» duten proiektuak «modu sakonean» ezagutzea eskatzen dute. Besteak beste, auzoen arteko autobusa, Gorosibaiko parke fotovoltaikoa, Usansoloren segregazioa, kultur ondarearen katalogoa eta Metroaren 5. linea aipatu dituzte.
«Bizilagunenganako transparentzia falta horren froga da aste honetan bertan Udal Gobernuak postontzietan banatu duen liburuxka. Bertan ez dira kontuan hartu bere garaian iragarri ziren baina gaur egun geldirik dauden proiektuak. Adibidez, azken aurrekontuetan enplegu planetan egindako murrizketak», adierazi du Trimiñok.
«Era berean, kasu horietako askotan nabarmena da tokiko proiektuei buruzko erabakiak hartzerakoan partaidetza-prozesurik ez dagoela, eta horren adibide argia da auzotarren eguneroko bizitzan eragina duten proiektuen kokapenari buruzko erabakia», gehitu du alkategaiak.
Ildo honetan, herritarren «benetako» parte-hartze handiagoaren alde lan egitea eskatu dio PSE-EEk Udal Gobernuari, ez bakarrik telematikoki, baizik eta eztabaidak antolatuz. «Helburua bizilagun guztiek baldintza berdinetan informazioa eskuratzeko aukera izatea da», azpimarratu du Trimiñok.
Albiste hau udal osoko bilkuraren aurretik idatzi da.