Galdakaon murala margoztu zuen Lian artista munduko hirugarren saritu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Street Arte Cities
Galdakaoko udaletxe ondoan dagoen murala Lian izenez ezaguna den artistak margoztu zuen. Ondarroan ikusi daiteke bere lanetako beste bat eta honek munduko hirugarren mural onenaren saria jaso du, Street Art Cities webgunearen eskutik.
Munduko txokoetako hainbat hormetan ikusi daitezke Lian artistaren muralak, haien artean, Galdakaoko udaletxe ondoan. Halaber, Ondarroako Kamiñazpi auzoan Lianek saregileei eta emakume guztiei egindako omenaldia ikusi daiteke.
Azken hau munduko ehun mural onenen artean aukeratu du aurten Street Art Cities webguneak, Binkek jaso zuen moduan. Publikoaren botoen ostean, Kataluniako artistak Ondarroan egindako obra hirugarren postuan geratu dela ezagutzera eman du webguneak.
Bozketaren mural irabazlea Herbehereetan dago, Tilburgen, eta Studio Giftigek egin du. Bigarrena aldiz, Buenos Airesen kokatuta dago, Martin Ronen eskutik.