Oinarinek ‘Iñude eta Artzaiak’ antzezlana eskainiko du Usansolon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bizkaia Dantzan
Oinarin Dantza Taldeak jaia antolatuko du martxoaren 25ean Usansolon. Taldeko iñude eta artzaiak kaleetan zehar ibiliko dira Fanfarre Betijaiarekin eta ondoren antzezlana eskainiko dute Mailu plazan eta Arlo Baltzan.
Dantza eta kolorea izango dira nagusi Usansoloko kale eta plazetan martxoaren 25ean. Oinarin Dantza Talde usansolotarrak iñude eta artzaien jaia antolatuko du arratsaldean, 18:00etatik aurrera.
Oinarineko iñude eta artzaiek hasiko dute jaia, Fanfarre Betijai taldeko kideekin batera Usansoloko kaleetan zehar. Ondoren, 18:30ean, antzezlana eta dantzak eskainiko dituzte Mailu plazan eta Arlo Baltzan.
Azkenik, erromeria antolatu dute Oinarin txarangarekin eskutik, Arlo Baltzan.
Taldeak parte-hartzera animatu du eta euria bada ekintzak Meatzetako frontoian egingo direla azaldu du.