«Hurrengo pausua», Xabier Fernandez
Xabier Fernandez Fuentes
BINKE / 2016ko urria
Hurrengo pausua
«Arbitro marikoi!», «Berna horreikaz fraka horrek?», «Hemendik aurrera ogirik ez dot jango», «Mutilek ez dabe negarrik egiten», «Holan jantzita normala hori gertatzea», «Neska baten moduan jolasten dozu»…
Egunerokotasunean entzuten doguzan esaldiak dira hauek danak. Txantxak, komentario xumeak edo bromak dira, pentseu barik esandakoak, sentidu barik askotan be. Baina gure bromak hurrungo belaunaldikoen jokabideen eredu izango dira, eta hori ez dogu ahaztu behar.
Esan ohi da jokaera bat aldatzeko lehenengo pausua arazoa onartzea dala, eta puntu horretara arte asko heldu dira, edo heldu gara. Baina hurrengo pausua, jokabidea aldatzearena, alegia, ez dogu hainbestek emon.
Ez da hain erraza, eta agian ezin izango dogu eman. Azken finean urte asko daroaguz gauzak holan egiten, gauzak holan esaten eta erantzun edo esaera hauek automatiko moduan dekoguz buruan.
Ados gauz, gure jokaera aldatzea zaila da, baina berba, esaera eta pentsamendu kutsatu horreik gure gazteei ez erakustea lortzen badogu, pentsatzen doguzenak baino arazo gehiago konponduko doguz.