EH Bilduk ekitaldi politikoa antolatu zuen atzo Galdakaon, eta saioan Edurne Benito eta Iker Casanova ordezkariek parte hartu zuten. Casanovak esperantzarako aldarria egin zuen, eta faxistak gelditzeko «atsedenik gabe» borrokatuko dutela nabarmendu zuen.
Domekan antolatuko diren hauteskundeetarako kanpaina amaierara heltzen ari da, eta euskal alderdiek haien mezuak zabaltzeko ekitaldiak antolatzen ari dira han eta hemen.
EH Bilduk ekitaldi politikoa antolatu zuen atzo Galdakaon, eta hitzorduan Iker Casanova Bizkaiko Ahaldun Nagusi izateko hautagaiak eta Edurne Benito del Valle Eusko Legebiltzarreko parlamentariak parte hartu zuten.
Casanovak esperantzarako momentua dela nabarmendu zuen Gandasegin egindako saioan: «Garai ilunei determinazioz egiten zaie aurre, inoiz ez erresignaziotik. Ez baita etsipenerako edo besoak jaisteko unea. Hau esperantzarako momentua da. Orain inoiz baino gehiago».
Halaber, ezker subiranistak hartu duen konpromisoa adierazi zuen: «Euskal herritar guztiekin partida hau 90. minutura arte jokatuko dugu. Guk ez ditugu euskal herritarrak abandonatuko. Atsedenik gabe borrokatuko dugu faxistak gelditzeko eta gehiengo aurrerakoi eta ausart bat posible egiteko».
Benito del Vallek bestalde, Oskar Matutek RTVEko eztabaidan zabaldutako hitzak gogorarazi zituen: «Eztabaidan egiaztatu genuen hauek ez direla ohiko hauteskundeak. Eta asko dagoela jokoan. Zeren, inork sinesten al du eskuinak etxebizitzaren arazoa konponduko duela? Edo garraio publikorako laguntzak luzatuko dituela? Edo bankari zergak jarriko dizkiotela? Nor engainatu nahi dute eskuinak pentsioak pribatizatuko ez dituela diotenek? Inork uste al du euskal herritarron eskubideak bermatuko dituztela? Arrisku bat dira gure autogobernuarentzat eta euskararentzat. Baina badakizue zer? Euskal Herria ez dute engainatzen».
«Motoserraren aurrean, jendeak irabazi behar du, erreakzioaren aurrean, Euskal Herriak irabazi behar du», azpimarratu zuen legebiltzarkideak.




