«Online harremanak», Aniceto Ajuriagogeaskoa
Aniceto Ajuriagogeaskoa Aurre
BINKE / 2020ko apirila
Online harremanak
Koronabirus peste honek etxean egotera behartu gaitu, baina horrek online komunikatzeko bide berriak erabiltzera eraman nau; hori bai, neure beharrizanen eta interesen arabera.
Hasiera baten, sakelakoaren bidezko telefono deiak eta e-mail bidezko mezuak izan ziren. Geroago WhatsApp izan zen, eta gaur egun gehien erabiltzen dudan bitartekoa da hau, mezuak, argazkiak eta hortik zehar dabiltzan bideoak konpartitzeko gehienbat.
Halako baten Skype erabiltzen hasi nintzen, Mintzanet egitasmoaren bidez euskara ikasten dabiltzanei praktikatzen laguntzeko asmoz, eta hau ere nahikotxotan darabilt.
Orain, konfinamendua dela eta, jendearekin komunikatzeko beste bide batzuk ere ireki zaizkit: WhatsApp bidezko bideo elkarrizketak, eta Jitsi Meet eta Zoom aplikazioak. Lehenengoak solaskide bakarrarekin nahiz laukotean komunikatzeko aukera ematen dit.
Jitsi Meet erabiltzearena azken uneko kontua izan da, Euskaraldiaren prestaketa dela eta. Zoom aplikazioa, berriz, orain egun gutxi hasi naiz erabiltzen Mintzanet-eko euskaldunekin.
Beraz, derrigorrezko konfinamendu honek opari hau ekarri dit, munduko edozein tokitako edozein euskaldunekin komunikatzeko aukera.