BIDEOA | Eskolara bizikletaz joateko Bizi-Bus ekimenaren lehenengo proba egin da gaur
TESTUA: Irati Alonso García
IRUDIAK: Binkera bidalitakoak
Galdakaoko Txirrindulari Elkartearen Gelak eskolara bizikletaz joateko Bizi-Bus ekimena jarri du martxan. Gaur egin dute lehen proba eta 80 ume inguruk egin dute Eguzkibegi Ikastolara bidea bizikletaz. Ondoko bideoan batu ditugu Binkera bidali dituzten irudi batzuk.
Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gelak proiektu berria jarri du martxan bizikletaren erabilera sustatzeko helburuz. Bizi-Bus izenpean, haur eta gazteak eskolara joateko ibilbidea bizikletaz egitea da ekimenaren helburua.
Gaur egin dute proiektuaren lehenengo proba eta 81 ume batu dira Eguzkibegi Ikastolara bizikletaz igotzeko eta klaseen ostean etxera ere horrela bueltatu dira. «Arrakasta handia izan du lehen proba honek, oso pozik gaude», aitortu dio Binkeri Igor Anton txirrindulari ohiak eta Gelako arduradunadetako batek.
Gaurkoan herriko udaltzainen laguntza jaso dute eta aurrerantzean umeak batera igotzeko ohitura hartzea da helburua. «Pixkanaka-pixkanaka gero eta denbora gutxiago behar izatea espero dugu. Garraiobide moduan ikus dezaten nahi dugu», azaldu du Antonek.
Asmoa hurrengo egunetan beste eskola batzuetan ere egitea da. «Osasuntsua da eta umeen arteko harremana sustatzen du», nabarmendu du Antonek.
Eguzkibegi Ikastolara igotzeko momentua grabatu zuten hainbat herritarrek eta Galdakaoko Txirrindulari Elkartearen Gelako kideek eta Binkeri bidali dizkiote irudi hauek.