Galdakaoko pentsiodunak atzo batu ziren berriz udako etenaldiaren ostean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Pentsiodunen Mugimendua
Urtarrilean bost urte bete ziren pentsiodunak astelehenero batzen hasi zirenetik. Galdakaoko pentsiodunak atzo batu ziren berriz Kurtzeko plazan udako etenaldiaren ostean, «hobekuntza nabariak» eskatzeko.
Ikasturte hasierarekin batera berriz ekin diote pentsiodunek Galdakaon. Udako etenaldiaren ostean atzo, irailak 4, batu ziren berriz Kurtzeko plazan Galdakaoko Pentsiodunen Mugimenduko kideak, «hobekuntza nabariak» eskatzeko.
Manu Rodriguez kideak Binkeri aitortu moduan, Espainiako Gobernuak azkenaldian egindako hobekuntzak ez dira «nahikoak» haientzat, izan ere, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta alargunek %100 jasotzea eskatzen dute.
Aldarrikapen hauekin jarraitu zuten atzo eta astelehero egiten duten moduan, kide batek idatzitako testua irakurri zuten. Hemen, hitzez hitz, Galdakaoko Pentsiodunen Mugimenduak atzo irakurritako testua:
«Anaia arreba emadazu zure eskua, goazen elkarrekin etxe txiki-txiki baten bila, gaur askatasun bakearen etxea deitzen diotena. Hau da lehen ordua, eta hau da leku egokia, ireki dezagun atea, lurrak kanpoan ezin duelako gehiago jasan.
Begira dezagun aurrera, Justiziarentzat ez dago ez distantziarik ez mugarik, munduak espero baitu gure Pentsio aldarriek laster Kateen jaunari eskua jaitsiaraztea.
Goazen berriro, itzul gaitezen, atzean herri bat zain daukagu eta!
Anaia Arreba, ez utzi zure odola lurpera diezazuten, ezta atzetik datozenena ere. Elkartu ditzagun gure eskuak eta bultza dezagun gehiago beharko ez dugun ate hori. Hau da lehen eguna eta lehen ordua,
Hau da, hain zuzen ere, gure ukabila itxita eta elkartasunez beteta, gerren lagun eta gure pentsioen etsai den tiranoa etxetik kanpora bidaltzeko leku egokia, Mina eta bidegabekeriak desager daitezen.
Pentsionistak beti aurrera!»