Galdakaoko XII. Herri Krosa apirilaren 28an antolatuko dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jabi Rojo
Aurten ere Galdakaoko Herri Krosa antolatuko du Galdakao Atletismo Taldeak apirilaren 28an. Lasterketaren 12. edizioa izango da eta 11:00etan hasiko da.
Galdakaoko eta inguruko herrietako ehundaka kirolari batuko ditu berriz Galdakao Atletismo Taldeak Herri Krosean. Apirilaren 28an izango da lasterketa eta hamabigarren edizioa izango da aurtengoa.
Lasterketan izena emateko epea apirilaren 1ean zabalduko da eta hilabete horretako 25era arte prezioa 10 eurokoa izango da. Probaren egun berean ere egin daiteke inskripzioa, kasu honetan 15 euroan.
Ordaintzeko lehenengo txandan adin txikikoen eta paralinpiar kategorietan parte hartuko dutenek ez dute ezer ordainduko eta probaren egunean egiten badute, 5 euro izango da prezioa.
Galdakao Atletismo Taldearen webgunean egin behar izango da izen ematea eta hor ere lasterketaren inguruko datu gehiago emango ditu ezagutzera taldeak.