Errege Magoekin egoteko izena eman behar da gaur, bai Usansolon zein Galdakaon
Gabonak Covid garaian
BINKE / 2020ko abendua
Errege Magoekin egoteko izena eman behar da gaur, bai Usansolon zein Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Inocencio Goikuria eta Gazteberri
Ekialdeko pertsonaia kutunen urteroko bisitek ere ezin izango diote izkin egin Covid19-ak sortutako salbuespen egoerari. Horregatik, aldaketak izango dira Usansoloko eta Galdakaoko hiru Errege Magoen ekitaldietan.
Nork esango zigun guri iazko Gabonetan, aurten horrela egongo ginenik? Iazko urtera joan barik ere, nork esango luke aurtengo martxoan, honek hainbeste iraungo zuenik… Baina bai, Gabonek ezin izan diote mundu mailako pandemia honek sortutako egokitzapenei izkin egin.
Horrela ba, 2021aren hasiera ere Covid19-ak eragindako baldintzapean hasi beharko dugu. Horrek ez du esan gura Ekialdeko hiru Errege Magoen bisitak ez direnik ospatuko Galdakaon eta Usansolon. Egin, egingo dira, baina ohiko kabalgata barik.
Usansoloko Gazteberri eta Galdakaoko Argizai taldeek bidalitako oharrei kasu eginez, hauek dira aurten Meltxor, Gaspar eta Baltasarrekin egoteko jarraitu beharreko oharrak. Adi, bai baterako zein besterako izena eman edo gonbidapenak jaso beharko baitira:
Errege Magoak Usansolon
- Urtarrilaren 5ean, asteartea, 16:00etatik aurrera Belen estatikoa antolatuko da Unkina plazan eta bertan izango dira hiru Erregeak.
- Etxeko txikiek euren gutuna eman ahal izango diote euren Errege gogokoenari, baina horretarako izena eman beharko da abenduaren 29an, asteartea, 18:00etatik 19:00etara Gazteberriko lokalean.
Errege Magoak Galdakaon
- Urtarrilaren 5ean, asteartea, 11:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 19:00 arte Kurtzeko plazan izango dira hiru Errege Magoak.
- Etxeko txikiek eurekin egoteko aukera izango dute, baina horretarako gonbidapenak hartu beharko dituzte abenduaren 28 eta 29an 17:00etatik 20:00 bitartean Santa Maria parrokiako elizpean.
Herri bateko zein besteko ekitaldietan, noski, Covid garaiak exijitzen dituen neurri guztiak bermatuko dira.
Urte berri on!