Usansoloko erdigunean geltokia eskatzeko plataformak asanblada irekia antolatuko du bihar
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Usansoloko erdigunean geltokia eskatzen jarraitzen dute herritarrek eta horretarako sortutako plataformak asanblada irekia antolatuko du bihar, maiatzak 14. Saioan proiektuaren inguruko informazioa eskainiko dute.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak Metroaren 5. linearen proiektua aurkeztu zuten duela hilabete batzuk eta honen kontra agertu ziren usansolotarrak, izan ere, gaur egun herriaren erdigunean duten geltokia kenduko dute.
Proiektuaren arduradunek iragarri zutenez, lanzadera jarriko dute erdigunera baina auzokideentzat «ez da nahikoa» eta erdigunean geltokia eskatzen jarraitzen dute.
Egiteko honetarako plataforma sortu zuten eta honek asanblada irekia antolatuko du bihar, maiatzak 14, 18:30ean Gure Etxearen lokaletan. Saioan «inposatu diguten proiektuaren azalpena eta bideragarri diren alternatiba desberdinen aurkepena» egingo dute, planoak eta irudiak erabiliz.
Bestalde, plataformak gogorarazi du erdigunean Metro geltokia eskatzeko sinadura bilketa martxan dela oraindik.