Estalkia jarri dute Olabarrietako Katamar haurreskolan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak estalkia jarri du Olabarrietako Katamar haurreskolan. Gomazko zoru berria ere ezarriko da patioan eta horretarako Gabonetako oporraldia erabiliko dute.
Olabarrietako auzokideek azken urteetan egindako eskaerari erantzunez, Olabarrieta auzoko Katamar haurreskolako patioan estalkia jarri du Galdakaoko Udalak. Egitura berri honen funtzio nagusiak umeak euritik babestea eta itzala ematea dira, «bertan eguzkiak gogor jotzen du eta».
«Hala ere, estalkiaren materiala zeharrargia izanik, aldi berean argi naturala sartuko da», adierazi du Udalak. Halaber, led motatako argi puntuak jarri dizkiote estalkiari, «ilunabarretan eta egunik ilunenetan argitasunez ikusteko».
Bestalde, hainbat lekutan zartatuta dagoen patioko lurra ere konponduko da Katamar haurreskolan. Gomazko zoru berria ezarriko da, zehazki, haurrak segurtasun handiagoz jolastu daitezen. Gabonetako oporraldian egingo dute hori, haurreskolaren funtzionamenduari ez eragiteko.