Kabildu Guraso Elkartea: «Ez da bidezkoa obren kamioiak Unkina eskola ondotik igarotzea»
Unkina eskolako Kabildu Guraso Elkartea
BINKE / 2024ko abendua
Metroaren obren eraginez Unkina eskolatik egunean 80 kamioi igaroko direla salatu dute usansolotarrek eta hauen ibilbidea aldatzeko eskatu dute. Honen inguruan gehiago sakontzeko helburuz, Unkina eskolako Kabildu Guraso Elkartearekin hitz egin du BINKEk.
Zelako eragina izango dute Metroaren obrek Unkina eskolan eta inguruetan? Kontuan izanda obrak lau urte iraungo dutela gutxienez, eta egunero zortzi kamioi pasatuko direla eskola paretik, ez dugu bidezkoa ikusten kamioiak eskola bidetik pasatzea beste aukerak daudenean. Usansolo eta Usansoloko eskola txikiak dira eta kalitatezkoak eta orain arte inguru segurua da. Kamioiak egunero ondotik pasatzeak kalitate eta segurtasun hori galtzeak eragingo luke. Gainera, zarata eta kutsadura itzela ere sortuko lukete.
Eskolaren kalitatea kolokan jarriko dela nabarmendu duzue. Zergatik? Argi dago. Kutsadura, zarata eta segurtasun falta eskola, ume eta irakasleen inguruan egon behar ez diren eragileak dira.
Guzti honen aurrean, kamioiak beste leku batzuetatik igarotzea proposatu duzue. Nondik? Proposamena aspaldi eginda dago, geltokia erdigunea plataformaren eskutik, eta Eusko Jaurlaritzare ezezko erantzuna emanda ere. Proposamena AHTko obren kamioiak irtetzen ziren bide beretik irtetzea da. Zuzenean errepidera irtengo lirateke, eskolatik eta Usansolo erdigunetik igaro barik.
Halaber, prebentzio neurriak hartzea eskatu duzue. Zeintzuk dira neurri hauek? Plataformak eskatzen duen lehenego neurria bide aldaketa bat da eta horrekin arazoa konponduta geratuko litzateke. Hau horrela ez bada gertatuko, kamioien ordutegien eta hauen zenbatekoaren kontrola proposatu ditugu, besteak beste.
Guzti honen inguruan herritarrei informatzeko bilera egin zenuten. Zeintzuk dira hurrengo pausoak? Duela egun batzuk plataforma eta udaletxea bildu zirela komentatu digute, garraio arduradunekin. Honetan, plataformak beraien eskakizunak planteatu zituen eta printzipioz baiezkoa eman dute, nahiz eta oraindik ez dagoen argi nondik pasatuko diren kamioiak bide orokorrera eskolatik pasatu gabe.
Instituzioen aldetik erantzunen bat jaso duzue? Azken berrien arabera, printzipioz plataformaren eskaerari jaramon egingo diotela esan dute eta atzekaldetik zuzenean, hau da, bide orokorretik kamioiak pasatuko direla komentatu diote plataformari. Zehazki ez diote azaldu plataformari zein izango den ibilbidea baina dakiguna da printzipioz ez direla eskola aurretik kamioiak pasatuko.
Metroaren proiektu honen baitan, Usansoloko erdigunean geltokia ezartzeko aldarrikapenarekin bat egin duzue ere. Zergatik da garrantzitsua geltokia erdigunean ezartzea? Obren eragin erreala lau urtetan zehar izango delako eta gaur egun erdigunean dugun geltokia kentzen badigute galera handia izango delako herrirentzat.