ARGAZKIAK | Bederatzi familiarekin ekin dio urteari Gurasolagun ekimenak Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Hego Uribeko Berbalagunak
Euskara ezberdinen arteko familia giroan eta aisialdiarekin lotuta bultzatzeko asmoa duen Gurasolagun ekimenak urtarrilaren 24an ekin zion urte berriari. Ondoko albistean batu ditu BINKEk ekimenetik kontatutakoak eta argitaratutako argazkiak!
Urte hasierarekin batera, urtarrilaren 24an igel mihiluzeak egiteko tailerra eskainiko zutela iragarri zuen Gurasolagun ekimenak. Eta halaxe egin zuten, bost familia berrirekin egin ere. Bederatzi familia batu ziren, Barandiaren AEKren egoitzan egindako hitzorduan, «eta oso erantzun polita izan zuen familien arteko topaketak», Berbalagun ekimenaren sareetatik adierazi zuten bezala.
Euskara familiako kideen arteko harremanetan eta aisialdian bultzatzeko helburuz sortu zen ekimenak horrela azaldu zuen urteko lehenengo topaketan egin zutenaz, hitzez hitz: «Igela, txubelaxo, ugaraxo, tripri-trapu…Era asko erabiltzen dugu euskaldunok animalia jator honi buruz ari garenean, eta, agian horregatik, atzoko saioan eskulan mota bi aukeratu ahal izan zuten umeek. Batari kartoizko tutu batekin eman genion forma, eta mihia irudikatzen zuen hariaren muturrari kanika bat lotu genion, airera bota eta eulia balitz bezala jan zezan. Bestearen ahoari aire-serpentina bat fabrikatu genion, igelak mihia ateratzen zuela irudikatzeko».
Bertaratutako parte-hartzaileak, etxeko gazteenei erreparatuz gero, 5 eta 11 urte bitartekoak izan ziren eta «oso ondo pasatu zuten denek, ederto batean moldatu zirelako igela margotzen, kartulina mozten eta bestelako lan batzuetan», diote ekimeneko antolatzaileek. Topaketari amaiera taldeko argazkia eginez amaitu zuten —albiste honen azalekoa, eta hurrengo hitzordua otsailean egingo dutela aurreratu zuten Gurasolagunek: «Oraindik ez dugu zehaztu eguna, baina bai nor arduratuko den eskulana aukeratu eta gidatzeaz; Danelek hartuko du Asier dinamizatzaileak pasatuko dion lekukoa».